Amazoniaren garrasi isila

Nazioartea Brasilgo oihanari begira dago, baina Peruko Gobernuak ateak zabaldu dizkie atzerriko erregai enpresei, ingurumena arriskuan jarriz.

arantxa elizegi egilegor
2009ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Lurraren birikak dira Amazoniako basoak, eta beraz, oinarrizkoak gizakiarentzat. Bederatzi herrialde hartzen ditu oihanak, nahiz eta Brasil izan, gehienetan, nazioartearen arreta erakartzen duen bakarra. Bertan egiten dituzten baso soiltzeek egunkari askotako izenburuak betetzen dituzte. Ez, hala, Perukoek. Oihanak herrialdearen %60 hartzen du, baina han Brasilen ez bezala, ingurumenaren gaineko kontrolak arinak dira oso.

Herrialdearen natur baliabide nagusiak ere oihanean daude; ondorioz, nazioarteko erregai enpresek ez dute denborarik galdu horiek ustiatzen hasteko garaian. 2007an, esaterako, erregaiak aurkitzeko 69 kontratu eta petrolioa ustiatzeko hemeretzi izenpetu zituen Gobernuak atzerriko enpresekin. Brasilek berak baino gehiago.

Alan Garcia presidentearen asmoa da 2011rako 3.000 milioi dolarreko irabaziak lortzea eta milaka lanpostu sortzea kontratu horien bitartez. Bidean geratzen dira oihanean bizi diren indigenen eskubideak. Talde ekologistek ohartarazi dute horiek direla petrolio enpresen biktima nagusiak. Multinazional gehienek ukatu dute beraiek dauden inguruetan indigenak bizi direla. Baina ekologisten esanetan, enpresak ezarri diren tokietatik gertu tribuek ihes egiterakoan utzitako aztarnak agertu dira.

Garciak iragarri du ingurumenaren gaineko legedia «zorroztu» egingo duela, eta oihana babestea izango dela aurrerantzean Gobernuaren lehentasunetako bat. Azkena onartutako legeek, ordea, bestelakorik pentsarazten dute. Izan ere, indarrean sartzean erraztu egingo diete multinazionalei urteetan indigenenak izan diren lurretan sartzea. Hori saihesteko duela bi hilabete protestak hasi zituzten indigenek, baina Gobernuak negoziazioei uko eginez eta militarrak bidaliz erantzun die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.