AEE Amerikako Estatuen Erakundeko batzorde iraunkorrak, Assange auzia aztertzeko, larrialdiko bilera batera deitu du datorren ostiralerako, hilaren 24rako. Ekuadorrek egindako proposamena onartu du, eta, horrela, Julian Assange Wikileaksen sortzailearen estradizioak Ekuadorren eta Erresuma Batuaren artean piztu duen tentsioa aztertzeko bilera antolatu du erakundeak.
AEBek, Kanadak eta Trinidad eta Tobagok iragarri dute ez direla joango bilera horretara, ez dutelako onartzen Ekuadorrek Assangeri emandako babesa. "Ekuadorren eta Erresuma Batuaren arteko auzia dela uste dugu, eta AEBek ez dute gai horretan zer esanik". Hala ere, proposamenak aurrera egin du. Horretarako, hemezortzi boto jaso behar zituen gutxienez; 23 izan ditu.
Ekuadorrek nazioartea mobilizatu nahi du Assangeren auzian. Atzo Parlamentuak Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluari larrialdiko bilera bat eskatzea galdegin zion Ekuadorko Gobernuari. Izan ere, Ekuadorko Gobernuak Assange Wikileaksen sortzaileari babes politikoa ematea erabaki zuen atzo, eta erabakiak tentsio izugarria eragin du Ekuadorren eta Erresuma Batuaren artean. Babes politikoaren berri izatean, Erresuma Batuak esan zuen Assange "entregatu ezean" Ekuadorko enbaxada "indarrean" hartuko zuela. Assange Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan dago ekainaren 19tik, Suediara estradita ez dezaten. Europako Batasunak jakinarazi du ez duela esku hartuko, eta auzia "hitz eginez" konponduko dutela espero du.