Uholdeak AEB-etan

Amesgaiztoa ez da bukatu

Harvey ekaitz tropikala Houston (Texas, AEB) astintzen ari da oraindik ere, eta hildakoak hogeitik gora dira dagoeneko. Bart gauean, etxeratze agindua eman zuen alkateak.

Ur azpian geratutako eremua Manhattanen neurrikoa da. MICHAEL WYKE, EFE
2017ko abuztuaren 30a
14:18
Entzun

Joan den ostiralean hasi zen amesgaiztoak Houston astintzen jarraitzen du; urakan izateari utzi, eta ekaitz tropikal bihurtu da Harvey. Uholde ikaragarriak ekarri ditu, eta hiriaren hainbat zati ur azpian geratu dira. Asteartean, bi urtegik gainezka egin zuten, eta presa bat hautsi zen.

Hogeitik gora hildako daude jada, eta 30.000 lagunek etxea utzi behar izan dute. Hondamendiaren ondorioak gehien jasan dituzten eremuak hiriko eremurik pobreenak dira. Harris konderriaren herena —Manhattan baino hamabost aldiz handiagoa— ur azpian dago; 4,6 milioi pertsona bizi dira han.

Bart gauean, alkateak etxean geratzeko agindua eman zuen gauerditik goizeko bostak arte, lapurretak saihestearren. Etxetik ateratzeko baimena duten bakarrak boluntarioak, segurtasun zerbitzuetako langileak eta lanetik edota lanera doazenak izango dira.

Corpus Christira (Texas, AEB) iristean, azken 50 urteetan Texasen izan den urakanik handiena zen Harvey. Aurreikuspenen arabera, euria egiten jarraituko du gutxienez bi egunetan, eta dagoeneko ur azpian dauden eremuek euria jasotzen jarraituko dute. Bien bitartean, Louisianara iritsi da ekaitza, hain justu, Katrina urakanak New Orleans (Louisiana, AEB) astindu eta gero. 2005eko abuztuan, Katrinak New Orleans suntsitu zuen.

Bi urakanak oso desberdinak badira ere, asko izan dira egunotan bi fenomenoak alderatu dituztenak. Estatu Batuetan gertatutako hondamendi naturalik handienetakoak izan dira; hala ere, 1.833 hildako izan ziren Katrina-ren ondorioz.

New Orleans eredu hartuta, datuek diote ez duela berreskuratu urakana pasatu aurretik zuen biztanleria. Diotenez, posible da Houstonen gauza bera gertatzea.

Donald Trump presidentea Texasen izan zen asteartean.

Urakanaren ondorio nagusiak

Herritarrengan:

Zenbait eremutan, 1220 mm euri baino gehiago bota ditu; urteko batez bestekoa 1260 mm dira. Horren ondorioz, 30.000 lagun etxerik gabe geratu dira. Etxea mantentzea lortu dutenek, ordea, ez dute egoera askoz hobea bizi: 10.000 pertsona baino gehiago elektrizitaterik gabe daude.

Asteburuan zehar, 10.000 lagunek baino gehiagok egin behar izan zuten lo aterpetan: 9.000 zentro berezi batean, eta gainontzekoak altzari denda pribatu batean.

Ingurumenarengan:

Orain arte, 57 bilioi litro ur bota ditu Houstonen, Katrinaren garaian New Orleansen botatakoaren bikoitza baino gehiago.

Badira seinaleak pentsatzeko klima-aldaketek urakana okerragoa egin dutela: airea zenbat eta beroagoa izan, orduan eta hezetasun gehiago gorde dezake bere barnean.

Ekaitzak berak ere ondorioak izan ditu bertako ingurumenarengan. Uretan, adibidez, zaborra, errepideko seinaleak eta hondakinak agertu dira. Gainera, astelehenean hainbat herritar larrituta agertu ziren, eremu industrialetatik zetorren usain bat buruko minak sortzen ari zela eta. Ordu gutxi batzuk beranduago argitu zuten arrazoia hodi apurtu bateko isurketa kimiko bat izan zela.

Gisa honetako ur mugimendu handiek animalien lekualdaketak sor ditzakete. Astelehenean, kaiman haztegi baten jabeek jakinarazi zuten uraren maila gehiago igoko balitz, ehunka narrasti libre geratuko liratekeela.

Uholdeek, halaber, inurri gorriak haien bizilekutik bota zituen, eta uretan flotatzen duten inurri-mendixkak osatzen ari dira haien erreginak salbatzeko.

Baliteke, gainera, ondorio negatibo gehiago azaltzea etorkizunean. New Orleansetik gertu, Katrina urakanak kalteak eragin zituen uholdeetako ura xurgatzeko garrantzitsuak diren zingiretan. Horren ondorioz, etorkizunean uholdeak izateko arriskua handitu egin zen.

Herritarren osasunarengan:

Hainbat erietxe ebakuatu behar izan dituzte uholdeen ondorioz. Halakoetan, ohikoa da medikuen hitzordu arruntak bertan behera geratzea. Hala gertatu zaio The Washington Postek elkarrizketatutako John McMilliani; leuzemia tratamendua jaso behar zuen bost egunez, baina ezin izan du laugarrenera iritsi.

Ekonomiarengan:

Houston eremu industrial baten erdian dago, batez ere energia arloan lan egiten dutenak. Bertan daude AEBtako findegien erdiak, eta petrolio produkzioaren bosten bat Houstonen produzitzen dute; AEBtako barne produktu gordinaren % 2,9 Houstonen produzitzen da.

Uholdeen ondorioz, findegien erdiak ez dira lanean ari, eta petrolioaren prezioa % 4 igo da, azken bi urteetako maximora.

Kalte ekonomikoak ez daude industriarekin bakarrik lotuta. Hiritik kanpo, kotoi uztaren zati garrantzitsu bat galdu egin da; langileak eguneko 24 orduetan lanean ibili ziren salbatu nahian, baina ezin zuten uzta osoa babestu.

Ura desagertuko da, eta etxeak lehortuko dira, baina hilabeteak edo urteak behar izango dira etxe eta negozioak garbitu eta berriro erabilgarri egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.