Gero eta etorkin gutxiago saiatzen da itsasoz Espainiako, Italiako, Maltako eta Greziako kostaldeetara iristen. Inoiz erraza izan ez den arren, egun are arriskutsuagoa baita Europako Batasunera sartzeko ohiko bide izan direnetatik helmugara heltzea. Izan ere, segurtasun neurriak zorroztu dituzte herrialdeotan. Horrek, ordea, ez ditu etorkinak euren ahaleginean etsi. Amets europarra egia bilakatzeko beste bide batzuk irekitzen hasiak dira batzuk. Beste hainbatek, Europa ahantziz, beste helmuga batzuen bila jo dute.
Migrazioek eten txiki bat jasan dute 2010ean. Krisi ekonomikoak izan du zeresana gertaera horretan. Baina NBE Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi du etenaldia ez dela betirako izango. Are gehiago, berrogei urtera 405 milioi migratzaile egongo direla dio erakundeak, egungo bikoitza, hain justu.
Baina migrazioa handitzea espero den honetan, migrazio ereduak aldatzen ari dira. Esaterako, helmuga herrialdeak dibertsifikatzen ari dira. Migrazioa gero eta gutxiago da hegoaldetik iparralderako bidaia, eta gero eta gehiago iparraldetik hegoaldera eginiko bidea. Hego Ameriketan, Asian eta Afrikan indartzen ari diren ekonomia berriak erakargarri bilakatu dira miseriatik ihesi dabiltzan etorkinentzat. Hain zuzen ere, herrialde horiek migrazioa kudeatzeko politiketan inbertitu behar dutela ohartarazi du NBEk.
Gurasorik gabeko adingabeen, babes politikoa eskatzen dutenen, pertsonen trafikoaren biktima izan direnen eta klima aldaketaren ondorioetatik ihesi dabiltzanen kopurua ere gero eta handiagoa da immigranteen artean, NBEren datuen arabera. Egoera bereziki lazgarriak jasan dituzten horientzat, baina, nazioartean eskaintzen den babesa urria da oso.
Europaren kasuan, bide berrien bilakaera nabarmena izan da azken urteotan. Etorkin askoren helmuga da oraindik kontinente zaharra, azken urteko beherakada salbuetsita. Baina jada ez dira ohiko kamioetatik heltzen.
Neurri zorrotzak
Mediterraneo itsasoko herrialdeak izan dira urteetan zehar etorkin gehien jaso dituztenak, hala nola, Espainia, Italia, Malta eta Grezia. Horietan guztietan, baina, Grezian izan ezik, behera egin du nabarmen immigranteen kopuruak azken bi urteetan. Jatorrizko herrialdeetan eta helmugakoetan kostaldeak zaintzeko jarri dituzten neurri zorrotzak izan dira horren erantzule, hein handi batean. Hori horrela, gero eta zailagoa da Afrikatik itsasoz txalupetan datozenentzat kostaldera heltzea Poliziak irteeran edo helmugan atzeman gabe.
Baina etorkinak Europara heltzen jarraitzen dute, berdin-berdin. Tradizioz Espainiara itsasoz heltzen ziren marokoarrek eta aljeriarrek, esaterako, hegaldi merkeetan topatu dute irtenbide bat. Askok eta askok, bai Aljeriatik eta bai Casablancatik, Istanbulerako bidaia egiten dute airez, gero Greziako muga lurrez zeharkatzeko. Izan ere, aljeriarrek eta marokoarrek ez dute bisa berezirik behar Turkian sartzeko.
Horrexegatik, uneotan Europara heltzen diren etorkinen %80a baino gehiago Greziatik sartzen da.
Afrika iparraldetik Italia, Malta eta Greziara itsasoz bidea egiten dutenak ere gero eta gutxiago dira, eta guztien helburua Turkia bilakatu da, handik Europara sartzeko.
Giza eskubideak, arriskuan
Immigrazioaren aurkako politikak zorrozteak ez du konponbiderik ekarri, NBEk adierazi duenez. Arazoa «lekualdatu» baizik ez dela egin dio. Era berean, Europari gogorarazi dio ez duela ahaztu behar askok nazioarteko babesaren beharra dutela eta euren bizitzak arriskuan daudela. Hainbatetan oinarrizko giza eskubideak urratzen dituztela ohartarazi du NBEk.
Horixe bera salatu du duela gutxi AI Amnesty Internationalek. Libiak eta Maltak etorkinen eta errefuxiatuen giza eskubideak urratzen dituztela baitio.
AIko Malcom Startek dio Libian kanpotarrek bizi duten egoera benetan gogorra dela: «Erasoak jasateko aukera handia dute, izututa bizi dira atxiloketak direla eta». Izan ere, maiz, atxilotu ostean luzaroan izaten dituzte giltzapean, eta tarte horretan torturak eta bestelako gehiegikeriak ohikoak dira, Malcomen hitzetan. Horrez gain, jatorrizko herrialdeetara bidaltzearen beldur ere badira, askotan bertan bizirik irteteko aukera gutxi baitute.
Hiru milioi etorkin baino gehiago daude Libian, agintarien arabera. Horien artean, baina, errefuxiaturik ez dagoela diote. Libiak ez du NBEren Errefuxiatuen Estatutua sinatu, eta ez du garatu babes politikoa eskaintzeko sistemarik. Maltan ere egoera ez dela askoz hobea salatu du AIk. Uhartera heltzen direnak «legez kanpokotzat» har ditzakete, baita babesa eskatzen dutenak ere. Hala, atxilotuak izateko arriskua dute. Hemezortzi hilabetetaraino luza daiteke gainera atxiloaldia.
Libiara eta handik Maltara jotzen duten asko eta asko somaliarrak dira. NBEren arabera, urtero milaka saiatzen dira Somaliako mugetatik ihes egiten, herrialdeko miseriatik eta gatazka politikotik urruntzeko asmoz.
Askok Adengo Golkoa zeharkatuz Yemengo kostaldera heltzea izaten dute amets, aldaketa onerako izango den jakin gabe. Izan ere, Yemengo egoera ere ez da oso itxaropentsua. Bidean, baina, urtero-urtero ehunka immigrantek uzten dute bizia. Astelehenean bertan, Somaliatik Yemenera bidea egiten saiatu ziren bi ontzi hondoratu, eta 80tik gora hil ziren. Duela bi urte, 590 immigrante hil eta beste 359 desagertu ziren eremu horretan, NBEren arabera.
Gobernuz kanpoko erakundeek salatu dute azken urteotan pertsona trafikatzaileek eta piratek bat egin dutela. Azken horiek errefuxiatuen ontzietan joaten dira gerora egingo dituzten erasoen inguruko informazioa biltzeko. Horien presentziak zibilen segurtasuna kinka larrian jarri du, izan ere, armatuta joan ohi dira.
Zailtasunak zailtasun, beste errealitate baten itxaropenak bidean jartzen ditu urtero milaka pertsona.
Immigrazioa
Ametsa betetzeko bide berriak
Etorkinen ohiko sarbideetan segurtasun neurriak handitu dituzte. Immigranteek, baina, beste bide batzuk bilatu dituzte; maiz luzeagoak eta arriskutsuagoak direnak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu