AMIAren aurkako 1994ko atentatua «gizateriaren aurkako krimena» izan zela ebatzi du Argentinako justiziak

Argentinako Israeldar Elkarte Mutualaren kontrako atentatuan 85 lagun hil ziren. Iran «estatu terrorista bat» dela deklaratu du epaiak, eta hari eta Hezbollahri leporatu die erasoa.

Argentinako Israeldar Elkartearen aurka egindako erasoa oroitzeko ekitaldia, 2022an, Buenos Airesen. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE
Argentinako Israeldar Elkartearen aurka egindako erasoa oroitzeko ekitaldia, 2022an, Buenos Airesen. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko apirilaren 12a
11:00
Entzun

Aurten 30 urte beteko dira —uztailaren 18an, hain zuzen— AMIA Argentinako Israeldar Elkarte Mutualaren aurka egindako erasotik. 85 lagun hil zituzten bertan, eta beste hirurehun inguru zauritu. Bi hamarkada igarota ere, inor ez zuten zigortu oraindik. Gaur arte. Euskal Herrian goizeko ordu txikiak zirela, Argentinako Zigor Kasazioko Ganbera Federaleko 2. salak eman du epaia: ondorioztatu dute «gizateriaren aurkako krimen bat» izan zela 1994an Buenos Airesen jazotakoa. Are gehiago, adierazi dute Hezbollah Libanoko talde xiitak egin zuela atentatua, garai hartako Irango Gobernuak eskatuta.

Atentatu hura Argentinan inoiz hildako gehien utzi dituen erasoa izan da. Horregatik, eta gerora etorritako gorabeherak direla eta —2015ean kasua ikertzen zebilen Alberto Nisman fiskala bere etxean hilda aurkitu zuten; 2018an, homizidioa izan zela ondorioztatu zuten epaileek, baina oraindik ez dute argitu nork egin zuen—, Irani «estatu terrorista bat» izatea leporatu diote epaian. Izan ere, erasoaren egile intelektualen artean Irango goi kargudunak zeuden, epaiaren arabera. Mohsen Rabbani seinalatu dute, besteak beste. Rabbani Iranek Buenos Airesen zuen enbaxadaren kultur arloko arduraduna zen garai hartan. Horretan, beste Irango eta Libanoko herritarren aurka jarritako atzemate aginduetan eta azken hogei urteetan egindako ikerketetan oinarriturik eman dute epaia.

Erabakia aho batez hartu dute epaileek; baina Carlos Mahiques epailearen botoak zeresan handia eman du. Izan ere, beste epaileekin bat etortzeaz gain, epaian bildu dituzten zenbait gomendio eman dizkio Argentinako Gobernuari. Mahiquesen ustez —eta beste epaileek ez dute kritikatu—, AMIAren aurka egindako erasoa ez zen izan «atentatu bakan» bat. Epaileak ondorioztatu du erasoak harremana duela bi urte lehenago —1992an— Israelgo enbaxadaren aurka egindako atentatuarekin. Enbaxadaren aurkako atentatu h artan 22 lagun hil zituzten, eta 242 zauritu.

Hori dela eta, Argentinako Gobernuari erreformak egin ditzala gomendatu dio «iheslariak epaiketan egon ez arren eraso terroristak epaitu ahal izateko». Iheslaritzat jotzen ditu, besteak beste, Interpolek zazpi lagunen aurkako atzemate agindua emana duelako AMIAren aurkako atentatua dela medio. «Terrorismo kasuetan, estatuak bestelako bideak hartzeko aukera ziurtatu behar du prozesu judizialak aurrera eraman ahal izateko eta egileak zigorrik gabe ez uzteko», gaineratu du epaian Mahiquesek.

Eraso bat gizateriaren aurkako krimentzat jotzea ez da ausaz hartzen den erabaki bat. Nazioarteko Zigor Auzitegiaren arabera, gisa horretako krimenak «egon daitezkeen krimenik larrienetarikoak» dira, nazioarteko zuzenbideari dagokionez. AMIAren aurkako erasoari izaera hori emateak berekin dakar onartzea egileek «herritar talde jakin baten aurkako eraso orokor edo sistematiko baten parte ziren berri zutela».

«Aztarna faltsuak»

Argentinako justiziak ez du epai bakarra eman AMIA kasuari dagokionez —horrela esaten diote afera horri Argentinan—. Atentatuaren izaerari dagokionaz gain, azken urteetan «ikerketak oztopatzearen» harira, Argentinako zenbait epaileren eta fiskalen ekintzak arbuiatu dituzte, eta haien aurka jarritako zigorrak mantendu. Epaiak adierazten duenez, hainbat fiskal eta epaileek «aztarna faltsuekin ito dute kasua urteetan». Juan Jose Galeano epailea da horietako bat. AMIA kasuarekin lotuta funts publikoak bidegabe erabiltzeagatik eta prebarikazio delituagatik sei urteko espetxeraldia eta betiko inhabilitazioa ezarri zizkioten zigor modura. Epaileek, gaur, zigorra berretsi dute.

AMIA kasuaren garroak ez ziren epaitegietara mugatzen. Ustez, politikara ere hedatu ziren. Hil zuten arte Nisman fiskalak egindako ikerketaren arabera, Cristina Fernandez garai hartako Argentinako presidenteak (2007-2015) erasoaren egileak ezkutatu zituen Iranekin harreman komertzialak sustatzeko hitzarmen baten truke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.