munDUA

Aminatu Haidar etxean da, 32 egun ondoren

Goizaldean iritsi da Aaiuneko bere etxera. Segurtasun neurriak handiak dira eta kaleak ere itxi dituzte, hainbat lagunek harengana gerturatu nahi izan dutelako.

2009ko abenduaren 18a
19:01
Entzun
Aminatu Haidar giza eskubideen aldeko ekintzaile sahararra goizaldean iritsi da Aaiuneko (Mendebaldeko Sahara) bere etxera. Segurtasun neurriak handiak dira. Izan ere, hainbat lagunek, komunikabide eta ekintzaileak batez ere, Haidarrengana hurbildu nahi izan dute eta kale batzuk ere moztu behar izan dituzte.

Aaiunera iristean, ama eta seme-alabekin bildu da ekintzaile sahararra. Haidarrek, seme-alabekin bildu arte gose greba ez zuela utziko adierazi zuen Lanzaroten egon den bitartean.

Bart gaueko bederatzietan iritsi zen Lanzaroteko aireportura (Espainia) ekintzaile sahararra etxera eramango zuen hegazkin militarra. Etxera abiatu baino lehen, bere kasua "sahararren, giza eskubideen eta nazioarteko zuzenbidearen garaipena" dela adierazi zuen.

32 egun egin ditu gose greban Haidarrek Lanzaroteko aireportuan. Atzo Arrecifeko (Lanzarote) erietxera eraman zuten, minekin, berak eskatuta. Zainketa Intentsiboetako Unitatean sartu zuten.

Azaroaren 13an, Aaiungo aireportura (Mendebaldeko Sahara) iritsi berritan, Marokoko segurtasun indarrek atxilotu egin zuten Haidar. 24 orduz eduki zuten preso eta, ondoren, Espainiara bidali zuten, bete beharreko dokumentazioan -herritartasunaren atalean- marokoarra dela jartzeari uko egin ziolako. Handik bi egunera -azaroaren 16an- gose grebari ekin zion Lanzaroteko aireportuan (Espainia).

Haidarrek esan izan duenez, Fronte Polisarioa da Marokorekin daukaten gatazka konpontzeko euren bitartekaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.