Amnistia eta Adiskidetze Nazionalerako Legea onartu du Venezuelako Parlamentuak, oposizioaren ekimenez eta gobernuko alderdiaren iritziaren kontra. Henry Ramos Allup legebiltzarreko presidenteak azaldu legez, araua Venezuelako presidenteari igorriko diote hark berrets dezan, baina Madurok esana du ez duela hala egingo.
Zortzi orduko eztabaidaren ostean onartu dute lege egitasmoa. Gaia ez zegoen eguneko agendan, eta, hortaz, oposizioak legebiltzarreko araudia urratu izana kritikatu dute chavistek. Dario Vivas PSUVeko diputatua: "Ziur gaude Venezuelako herriak, aberriaren talde honekin batera, ez duela onartuko pirateria kriminal hau gertatzea".
"Justizia" egingo dela azpimarratu du Vivasek: "Ustelkeriagatik, hilketengatik eta konstituzioa nahiz legeak urratzeagatik preso dauden guztiek preso jarraituko dute". Delsa Solorzano oposizioko diputatuak, ordea, adierazi du Amnistia Legeari esker ez dituztela hiltzaileak askatuko, "preso politikoak" baizik.
Auzitegi Gorena aldatzeko legea ere, aurrera
Saio berean, legebiltzarrak onartu egin du Auzitegi Gorenaren Lege Organikoaren aldaketa partziala. Besteak beste, auzitegia osatzen duten magistratu kopurua handitu nahi dute erreformaren bidez. PSUVeko diputatuek ez dute erreforma babestu, uste baitute "estatu kolpea gauzatzeko" urratsa dela.
Oposizioak kritikatu duenez, gobernuaren aldekoak dira magistratu gehienak. Erreformarekin, ordea, gehiengo hori galduko lukete chavistek, eta Auzitegi Gorenak ez lituzke hainbat arau oztopatuko; tartean, Amnistia Legea.