Anaia Musulmanen gobernuz kanpoko erakundea desegiteko agindua emateaz gain, Anaidiaren ondasun guztiak bahitzeko agindua ere eman du Egiptoko behin-behineko gobernuak. Batzorde berezi bat sortuko du Hazem el-Beblaui lehen ministroak, ondasun horiek kudeatzeko.
Hiru adarrek osatzen dute Anaia Musulmanen mugimendua —GKEa, alderdi politikoa eta anaidiaren kudeaketa organoa— eta gobernuaren erabakiak GKEari soilik eragiten dion arren, Adli Mansur presidentearen exekutiboak ez du horretara mugatzeko inolako asmorik. Iragan astelehenean, adibidez, Askatasuna eta Justizia alderdia ere desegitea proposatu zuen gobernuaren aholku batzorde batek. Zailagoa izanen da, ordea, anaidiaren hirugarren adarra —kudeaketa organo gorena— ilegalizatzea; berez, legez kanpo baitago 1954. urteaz geroztik. Teknikoki ez da existitzen, erakunde islamista osoa de facto kontrolatzen duen arren.
Halaber, Abdel Fatah al-Sisi armadako buruak eta Egiptoko de facto-ko agintariak ez du baztertu presidentetza bozetara aurkeztea. Ez dela horretaz hitz egiteko garaia erantzun du elkarrizketa batean, baina ez du, orain arte hala egin arren, aukera hori baztertu.