Egiptoko krisi politikoa gainditzeko Anaia Musulmanak elkarrizketarako prest agertu dira, baldin eta Europak bitartekari lanak egiten baditu. Europako Batasuneko Atzerri Politika eta Segurtasunerako ordezkari Catherine Ashton Egipton dagoela egin ditu adierazpenok Al-Haddadek. Baieztatu duenez, Ashtoni baino, Bernardino Leon EBko Mediterraneo Hegoalderako ordezkari bereziari egina zion proposamena lehenago. Leonek adierazi duenez, bi aldeak entzun dituzte, haiek posizioak ezagutzeko. Halaber, elkarrizketak "egiptoarren artean soilik" izan behar duela baieztatu du Leonek, "atzerriko eragilerik gabe". "Bi aldeak posizio oso irmoak dituzte, baina aldi berean uste dugu ez daudela ez bata ez bestea elkarrizketatzeko aukerari guztiz itxita", adierazi du.
Oraindik, baina, proposamena "lehenengo fasean" dagoela ziurtatu du Al-Haddadek, eta oraindik ez dute argi zein izango den negoziatuko duten beste taldea, Mursi kargugabetu zuten militarrak edo Salbaziorako Fronte Nazionalarekin. Edozein gai politikoren gainean negoziatzeko prest daudela esan du Al-haddadek. Dena den, uztailaren 3an Mohamed Mursi kargutik kendu zuen ekintzak "atzera martxa" egin dezan eskatzeko adierazpena egingo dutela baieztatu du Al-Haddadek.