Anaia Musulmanek irabazi dituzte bozak Egipton, botoen %47rekin

Salafistek eman dute ustekabea, bigarren geldituta; alderdi islamistek %70etik gorako ordezkaritza izango dute parlamentuanKontseilu Militarrak ia 2.000 lagunen auzipetze militarrak eten ditu

Kairo
2012ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Lehen herritarrek botoak hautestontzietan sartu eta ia bi hilabetera, erabaki da nork beteko dituen Egiptoren historiako lehenbiziko parlamentu demokratikoko 498 jarlekuak. Emaitzak atzo jakinarazi zituzten, eta, horiekin batera, Anaia Musulmanen eta haien koalizioaren zalantza gabeko garaipena: botoen %47,2 eta 235 jarleku. Inor ez da horrekin harritu, Askatasuna eta Justizia Alderdia —Anaia Musulmanena— indartsuena, hobekien antolatuena eta ezagunena baita. Inork espero ez zuena Nur alderdiko muturreko kontserbadore salafisten emaitza ona izan da, botoen %23rekin parlamentuko bigarren indarra izango baita erruz. Beraz, Egiptoko Parlamentuaren %70 baino gehiago izanen da islamista.

Bi alderdi handien ondotik, eta distantzia handira, parlamentuak joera guztietako alderdiak izanen ditu —hamabost guztira—: Wafd historikoa (36 jarleku), Bloke Egiptoarra liberala (33 jarleku), indar iraultzaileak, alderdi islamista txikiak, aurreko erregimeneko kideak eta independenteen zerrenda luze bat. Emaitzak ulertzeko, beharrezkoa da nekazaritza eremuko Egipto txiro eta kontserbadorea ezagutzea, islamistek lan soziala eta hitzaldiak egiten baitituzte han, eta iraultza iskanbila handirik gabe pasatu baita.

Nola egingo duen zehaztu gabe egon arren, parlamentu berriak izendatuko du konstituzio berria idazteko arduratuko den batzar eratzailea —ehun kide izango ditu horrek—. Orain dauden zalantza nagusiak aukeratu den parlamentuak eta Kontseilu Militarrak izango dituzten harremanek sortu dituzte. Izan ere, Kontseilu Militarrak iragan azaroan konstituziorako oinarrien inguruan egindako adierazpen batean esan zuen azken erabakia izango zuela batzar eratzaile horren osaketaren inguruan. Militarrek ere adierazi zuten gertatzen dena gertatuta ere haiek erabakiko dutela batzarraren aurrekontua eta erakundearekin lotutako edozein gai.

Bihar izango da parlamentuko lehen saioa. Anaia Musulmanek ohar baten bidez adierazi dute Egiptoko iraultzak eduki dezakeen «ospakizunik onena» izango dela. Egiptoren «garapenak eta berritzeak» herritar guztien parte hartzea beharrezkoa duela aldarrikatu dute, «interes pertsonalen gainetik».

Parlamentua, aginte bakarra

Hauteskundeak irabaziko zituztela aurrez jakinda, Anaia Musulmanen buruak Egiptoko Dream 2 telebistan agerraldia egin zuen parlamentuan aurkeztuko duten programa politikoa azaltzeko. Mohamed Rabiek azaldu du parlamentua izango dela «egiptoarren nahia ordezkatuko duen aginte bakarra» eta, beraz, ez dela besterik egongo horren gainetik. Rabiek argitu zuen parlamentuak erabakiko duela armadaren aurrekontua, hori ez izan arren militarren nahia.

Indar politiko guztiekin «elkarlanean» aritzeko prest daudela adierazi du Rabik, eta «kontsentsu nazionala» nahi dutela, «Egiptok ez baitu aurrera egingo egiptoar guztien ahaleginik gabe». Bere alderdiak duen ardura politikoaz jakitun, garaipena ez dela «trofeo» bat esan du Rabik, «erantzukizun bat eta erronka bat baizik». Akatsak eginez gero «jendearen aurrean kontuak eman» beharko dituztela ziur dago Rabi, eta orduan herriak «parlamentari hobeak» hautatuko dituela.

Iraultzaren lehenengo urteurrena betetzear denean —hurrengo asteazkenean—, trantsizio demokratikoan Kontseilu Militarrak izandako jarrerari buruz mintzatu da Rabi, «bakoitzak bere hutsen erantzukizuna» hartu behar duela esanez. «Edozein alderdiren, erakunderen edo norbanakoren aurka okerrak egin badira, auzitegietan salatu behar dira. Askatasunean aukeratutako parlamentu baten bidean bagaude, gai izan behar dugu okerrak egin dituztenei jendaurrean kontuak eskatzeko, horiek ministroak izan ala ez. Kontseilu Militarrak oker jokatu bazuen, zuzendu egin behar da».

Programa politikoari buruz, Askatasuna eta Justizia Alderdiko kide batzuek jakinarazi dute lehentasuna izango dela finantza munduko ustelkeria ikertu eta akabatzea, langabeziari aurre egitea, eta gasaren horniketa arazoak eta salneurri garestia konpontzea. Beste lehentasunen artean ere aipatu dituzte ekonomia egonkortzea, atzerriko inbertsoreak erakartzeko, eta industriaren azpiegitura eta lurren ustiapena berriz antolatzea.

Islamistek parlamenturako hauteskundeetan irabazi arren, trantsizio demokratikoa ez da bukatu. Azaroan Tahrir plazan izan ziren istiluetan, 40 lagun hil zituztenean, Kontseilu Militarrak hitzeman zuen heldu den uztaila baino lehen presidentetzarako hauteskundeak egingo zirela eta horien ondoren armada kuarteletara itzularaziko zuela. Uztailaren aurretik, Egiptok ikusmin handiz espero ditu iraultzaren urteurreneko ekitaldiak. Datorren astean milaka lagun aterako dira berriz ere kalera. Gertatuko denaren inguruan, ordea, zalantzak daude, indarkeria eta liskarra berriz sortzeko arriskua baitago.

Bete gabeko iraultza

Iragan hilabeteetako gertakarien ezegonkortasunaren ondorioz, ezinezkoa da jakitea zer gertatuko den etorkizunean. Hori uste du Hisham Kassam Al Masry al Youm egunkari independentearen sortzaileak. Joan den astean kazetariekin izandako elkarrizketa batean, Kassamek esan zuen orain arte ez dela iraultzarik izan. Hori «botereen eskualdatzea» gertatzen denean beteko dela uste du.

Beraz, Tahrir plazako protestak lehertu eta urtebetera, zehazteko dago oraindik iraultzak zein bide hartuko duen. Iraultzaileek uste dute larrutik ordaindu zuten matxinadaren ahalegina islamistek eta armadak lapurtu dietela. Gehiengo isil bat, berriz, konforme dago hauteskundeen emaitzarekin, eta soilik herrialdearentzako egonkortasuna nahi du, krisialdi ekonomikoa larria baita. Giza eskubideen aldeko erakundeak egoerarekin larrituta daude oraindik, eta inork ez du sentitzen urtebetean gauzak anitz hobetu direnik. Islamistek izan ezik, noski.

Militarren lehen keinua

Emaitzak jakinarazi eta ordu batzuetara, Kontseilu Militarrak lehenbiziko keinua egitea erabaki du, 1.959 ekintzaile barkatu baititu. Auzitegi militarrak ari ziren epaitzen horiek denak. Hain zuzen, auzipetze horiek bertan behera uztea izan da manifestarien eskaera nagusietako bat. Iazko urtarrilaren 25aren ondotik 12.000 lagunen aurkako auzibidea abiarazi du Justizia militarrak; Hosni Mubaraken agintaldi osoan, 2.000ren kontra. Barkatutakoen artean dago Maikel Nabil blogari ezaguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.