Egipto

Anaia Musulmanen alderdiak irabazi ditu Egiptoko hauteskundeak

Egiptoko Parlamentuaren eserlekuen %38 eskuratu ditu Askatasuna eta Justizia alderdiak, eta lista irekietan aurkezten diren hautetsien babesarekin gehiengo osoa izan dezake.

2012ko urtarrilaren 21a
18:38
Entzun

Askatasuna eta Justizia Anaia Musulmanen alderdiak irabazi ditu Egiptoko Parlamenturako hauteskundeak. Alderdi politikoek betetzen dituzten eserlekuen %38 eskuratu dituzte, eta lehen indar politikoa izango da astelehenean Parlamentuaren lehen saioan.

Gaur eman ditu hauteskundeetako emaitzak Abdelmoaiz Ibrahim Hauteskunde Batzorde Goreneko presidenteak. Alderdi politikoek Parlamentuan 332 eserleku dituzte, bi heren. Beste herena zerrenda irekien bitartez hautatzen dira, eta horiek alderdietatik gertu izaten direnez agian gehiengo absolutua izan dezake Askatasuna eta Justiziak. 

Anaia Musulmanen ostean Al Nur alderdi salafista izan da bigarren indar bozkatuena, 96 parlamentarirekin, alderdiek dituztenen %29. Hirugarren indarra Wafd alderdi nazionalista izan da, Egiptoko zaharrena, 36 eserlekurekin, eta laguarrena Egiptoko Blokea, liberala eta laikoa, 33 eserlekuekin.

Hosni Mubarak presidente ohiaren aurkako protestan sortu ziren mugimenduek ordezkaritza eskasa izan dute, eta boto gehien jaso dituenak, Iraultzak jarraitzen du alderdiak, zazpi eserleku soilik eskuratu ditu.

Astelehean egingo dute lehen saioa eta presidente Askatasuna eta Justizia alderdiko idazkari nagusia izango da, Mohamed Saad el Katatni. Horretarako alderdian betetzen duen kargua utziko du. Urtarrilaren 29an Senaturako hauteskundeak hasiko dira. Hauteskunde prozesua udaberrian amaituko da Konstituzion berri baten onespenarekin. Junta Militarrak zin egin zuen uztailerako presidente berria hautatuta izango dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.