Iturri polizialek Efe agentziari jakinarazi diotenaren arabera, armak zituen El Arianek bart gauean islamisten aurkako sarekada egin dutenean. Uztailaren 3an Egiptoko armadak estatu kolpea eman zuenetik, atxilotu ez zuten Anaia Musulmanetako kide bakanetako bat zen El Arian.
65 lagun atxilotu ditu armadak Kerdasahen; abuztuan hiriko polizia etxeari eraso egitea egotzi diete horietako hiruri. 11 polizia hil ziren erasoan. Mohamed Mursi Egiptoko presidente ohiaren aurkako protestetan manifestarien hilketak sustatzea leporatu diote, berriz, El Ariani.
Anaia Musulmanen eta Mursiren alde sortutako plataformak protestak antolatu ditu gaurko. Manifestazio batera deitu dute Kerdasahen bertan, eta espero dute datorren astean zehar ere mobilizazioekin jarraitu ahal izatea, ikasturte hasiera dela-eta.
Kerdasah ehungintza industriak egin du ezagun mundu osoan, baina Kairo ondoko herria betidanik Gamaa al-Islamiya talde islamistaren gotorlekua izan da, eta, uztailaren 3an Egiptoko militarrek Mohamed Mursi presidentea atxilotu eta kargutik kendu zutenetik, Anaia Musulmanen babestoki ere bai.