21 hilabete

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2010eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Neurgailua boto-emaileen portaera sutsua bada, errepublikanoek aurretik eramanda dute dena, kanpaina beroan. Obama umeen heriotzaren aingeru eta deabrua baino gorriago irudikatzen hasita harrigarria izan da (Amazing!!!) Sharron Angle bezalakoen eragina: bortxatuaren haurdunaldia Jainkoaren graziak emana dela aldarrikatuta lor dezake gaur AEBetako Senatuan eserlekua. Christine O'Donnell ere senatarigai egin dute berezkoa duen zientzian oinarritutako baieztapenengatik: hiesa homosexualek sortutako gaixotasuna dela esanda lasai asko geratu da. %19k babesten dute pentsamendu hori xoxak Etxe Belztuaren proiektu amilduetan galdu direla sinetsita. Errepublikanoetan muturrekoenek ateratako burrunbaren araberako zenbakiak izango ez direlako, ikusteko dago demokratentzat ilunak irudikatu dituzten emaitzak zenbateraino izango diren beltzak. Batzuk saiatu dira muturreko ideologoengandik aldentzen, haien gizarte desitxuratuak beldurtu eta kontserbadore moderatuen ihesa eragin dezaketelakoan. Disidenteez gainera, bera Etxe Zurian jarri zuten noizbehinkako boto-emaileak dauzka Obamak bere alde, baina ez daki zenbateraino. Presidenteak bi urteko agintaldian hartutako neurriak kontserbadoreentzat suntsigarriak diren neurri berean izan dira etsigarriak Obamarengan aldaketarako ilusioa gorpuztu zutenentzat, eta langabeziak jota dagoen lehen potentziaren gainbehera leporatzen asmatu du oposizioak, gezurrari egia itxura emanez, Bushen ondare astunaren zama bizkarreratuz. Obama altxa zuen ilusioaren pareko desilusioa irudikatu dute Tea Partykoek AEBetako magnateen diruarekin, Fox katearen bozgorailu boteretsuarekin eta Etxe Zuriko politikan esku hartu nahi duten Wall Streeteko langileekin; Obama bai, Obama ez, galdeketa egitekotan dira.

Hitz jario bikaina duenarentzat zoritxarrik handiena etxekoak konbentzitzeko ezintasuna da. Proiektu kuttunak erortzen ikusi ditu. Osasun erreforma muga asko ezarrita onartzeak ezkerra haserretu du, gutxiegi delako; gehiegi izateagatik eskuina ere bai. Hispanoei hitzeman zien immigrazio legearen erreforma bazterrean utzita du, eta Bushen gerren oihartzunik ez dago: Guantanamo gerra amaieraren sinbolo frustratua besterik ez da.

Musulmanen eta sozialisten lagunak zurien lehen potentziaren nagusitasuna inflazioz, langabeziaz eta atsekabez kutsatu duela irudikatu dute, baina Obamak etxez etxeko kanpaina egiten xahutu du diru gehien, hauteskundeon zailtasunaz jabetuta. Milioika dei; Yes, we can, egin dezakegula esateko, baina ez 21 hilabetean. Sarah Palinek bere familiari buruzko telesail bat iragarri du hauteskundeak igarotzen direnerako. Fox katean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.