Hagako Justizia Auzitegiaren aurrean Palestinako ministroak, diputatu palestinar arabiarrak, hesiak kaltetutako palestinarrak eta Europako elkartasun taldeak bildu ziren, batetik, atzo. Bestetik, Israelgo atentatuetako biktimen senideak, Europako 1.000tik gora ikasle eta elkartasun taldeak. Lehenak hesiaren aurka; bigarrenak, alde. Errepide Mapa bultzatu duen Laukoteak, aldiz, nazioarteko auzitegiaren esku-hartzearen aurka egin du, «ez duelako bake prozesua lagunduko».
Europako Batasunak hesia legez kanpokotzat jo zuen urrian. NBEko idazkari nagusi Kofi Annanek azaroan kaleratu zuen txosten kritikoan Tel Aviven argudio nagusia, atentatuak saihestearena, baliogabetu zuen; horma eraikitzen hasi zirenetik erasoak ugaldu direla zioen Annanek. Giza eskubideen aldeko erakundeek ere gogor kritikatu zuten hesia, giza baldintzengatik. Israelgo Gobernuko hainbat kide eta aholkulari juridiko kezkatzen hasiak ziren. Hala, hesiaren ibilbidea aldatu beharra adierazi zuten. Baina, AEB, Errusia eta EBk hesia Hagatik at eztabaidatzeko eskatzea garaipentzat jo du Tel Avivek. Israelen argudioa da eztabaidagaia politikoa dela eta ez juridikoa. Palestinarren Giza Eskubideekiko Elkartasuna taldeko kide Samer Elatrashek izaera politikoa aldarrikatu du. Hegoafrikako apartheidaren amaiera Nazioarteko Justizia Auzitegiaren esku-hartzearekin hasi zela nabarmendu du, 1971n Namibiako erregimena salatu zuenean, eta hura ere borroka politikoa izan zela. Okupazioa bukatzeko, Israeli ordaindu ahalko ez duen prezio politikoa jarri behar zaiola dio. Ordaintzen ari direnak palestinarrak dira oraingoz, israeldarrek estatu judu bat izateko. Osloko Akordiotik eraikitako kokaguneek erabaki dute hesiaren ibilbidea. Shlomo Ben Ami Israelgo Atzerri ministro ohiak 2000n onartu zuenez, palestinarrak menpekotasun egoeran uzteko sortu ziren. Zeev Jabotinski sionistak duela 80 urte proposatutako Burdinezko Hesia estrategia da: «Herritarrek kontzesio handiak egiten dituzte soilik ez dagoenean inongo itxaropenik».
ANALISIA. Burdinazko hesia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu