Olatz Arrieta
LEKU-LEKUTAN

Bosnia eta Herzegovinaren ezustekoa

2023ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Europako Batasuneko (EB) kide izan nahi duten herrialdeentzat, azterketa garaia izaten da azaroa. Izan ere, orduan ematen du argitara EBk estatu kide izateko herrialde bakoitzari eskatzen zaizkion erreformen inguruko txostena. Aurten ere, bere iritzia eman du, alegia, hautagaiak hurrengo urratserako prest dauden ala ez ebatzi du. Baina ezusteko bat izan da oraingoan: hautagai kaxkarrenen artean dagoen Bosnia eta Herzegovina hurrengo urratsa emateko prest dagoela ebatzi du Bruselak. Hots, Bosniarekin negoziazioak hasteko gomendatu die 27ei.

Txostena irakurrita, agerikoa da azken urtean Bosniak ez dituela EBk agindutako etxerako lanak egin. Hala ere, azterketa gainditutzat eman dute Bruselan. Jakina da, maiz, Europako Batzordeak arrazoi «objektiboak» baztertu, eta arrazoi politikoetan oinarritzen dela erabakiak hartzeko, onerako edo txarrerako.

Europako Batzordearen arabera, herrialde bakoitzaren «merituak eta egindako erreformak» bakarrik hartzen ditu kontuan. Baina, meriturik ezean, zeintzuk dira Bosniarekin negoziazioak hasteko arrazoiak? Horri erantzuteko, testuingurua aztertzea ezinbestekoa da. EBn sartzeko eskaera egin duten Balkanetako beste 4 herrialdeekin alderatuta,Bosnia atzean geratzen ari da oinarrizkoak diren zuzenbide estatuaren eta sistema ekonomikoaren erreformetan. Esaterako, Bosnia eta Herzegovinak ez du lortu oraindik errolda fidagarririk egiterik; oso ahulak direlako herritarrak zenbatzeko edo zergak nori eskatu erabakitzeko gobernuak dituen baliabideak. Hein handi batean, Daytoneko bake akordioek sortu zuten estatu eraketak eta konfederazio asimetrikoak gobernantza orokorra oztopatzen dutelako.

Srpska Errepublikak independentzia nahi du, ez du Bosnia eta Herzegovinarekin Europako Batasunean sartu nahi, eta, horregatik, boikot egin die erreformei. Eremu serbiar horretako presidente Mirolad Dodikek hemezortzi urte daramatza karguan, Errusiako presidente Vladimir Putinen gertukoa da, eta AEB Ameriketako Estatu Batuen zigorpean dago Daytoneko bake akordioak urratzeagatik. Hain justu, «serbiarrek osatutako estatu handi bat» sortzeko helburuarekin, Dodikek eskatu berri du Bosnia eta Herzegovina desegitea eta Balkanetako herrialdeetako mugetan aldaketak egitea. Horrenbestez, Balkanetan beste gatazka bat piztuko den beldur dira Bruselan, eta, hori eragozteko, beharrezko ikusi dute Bosnia eta Herzegovina Europako Batasunerako bideari lotzea.

Ildo beretik, Bosnia eta Herzegovinan Errusiaren esku hartze handiago baten arriskua ikusten du Bruselak. Horregatik, Europako Batzordeak Bosniari hautagaitzaren bidean bultzada bat ematea, herrialdea Moskuren orbitatik aldentzeko eta Bruselara hurbiltzeko estrategia bat litzateke.

Ukrainaren hautagaitza da kontuan hartu beharreko beste faktore bat. Izan ere, Ukrainaren prozesua azkartzeko estatu kideek hartu duten erabakiak eragin zuzena izan du gainontzeko herrialdeen hautagaitzan. Esaterako, Sobietar Batasunaren parte izan ziren herrialdeei lehentasuna ematea ez dute begi onez ikusi kide izateko bidean urteak daramatzaten Balkanetako herrialdeek. Batzordeak erakutsi nahi du kontuan hartu dituela horien kexak, baina, halere, Mendebaldeko Balkanetako herrialdeak ez dira fio; nekatuta daude Europako Batasunean sartzeko prozesu luzearekin.

Europako Batzordeak bere gomendioak egin eta gero, abenduan egitekoak diren goi bileran hartuko dute erabakia 27 estatu kideek. Horietako batzuei, hala nola Frantziari eta Herbehereei, ez zaie gustatu Bosnia eta Herzegovinari Europako Batzordeak eman dion bultzada; ez baitute nahi kide gehiago EBn sartzea erakundean bertan erreformak egin arte. Bestalde, Bosnian gatazka piztuz gero, Bosniatik gertuen dauden Kroaziak, Esloveniak eta Austriak presio handia egingo dute Sarajevoko gobernuari laguntzeko; hiru herrialde horiek azpimarratu baitute Bosniari EBn sartzeko bidean laguntzea erabaki geoestrategiko garrantzitsua dela Balkanetan egonkortasuna bermatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.