Protestak herrialde arabiarretan. Tahrir plazatik

Egipto egiten

Kristina Berasain Tristan.
2011ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Kairon sekulan egon ez diren lagun askok ezagutzen dute mundu zabalean hiriburuko eraikin literarioena. Jacobian eraikina art deco estilokoa da eta barruan mikrokosmos bat bizi da, egiptoarren metafora bat, errealitatean ez bada, fikzioan; tabuak hautsita gizarte garaikidearen radiografia zehatza eta zorrotza egiten baitu liburuak.

Ala al Asuanik bertan izan zuen aurreneko kontsulta eta, dioenez, dentista izateak ematen dio gizartea erretratatzeko aukera: «Mundura zabalik dagoen leiho bat da niretzat, gizartean gertatzen dena ikusteko eta sentitzeko lekua». Garden Cityn egun daukan kontsulta xumetik ari da. Enbaxadak daude eremuan eta idazlea astean bitan gerturatzen da lan egitera.

Zigarreta bat erretzen du bata bestearen atzetik. Gizon handia da, eta mintzatzen denean begietara begiratzen duen horietakoa. Ahotsa irmoa daukan arren, pertsona leuna ematen du; umila eta gertukoa ere bai. Tahrir plazara joan eta etorrian eman ditu azken asteak —«hemezortzi egunetan izan naiz han»— eta mila bider liburu eta artikuluetan idatzi izan duen herria hitzaren benetako esanahia orain ulertu duela dio: «Aurreneko aldiz ohartu naiz hitz horren benetako esanahiaz. Iraultza honetan sentitu dut lehen aldiz hitz horrek zer esan nahi duen; mila bider hitz egin dut iraultzaz milioi bat lagun elkarrekin ikusi gabe».

Tahrir plazan zela gerturatu zitzaion irakurlearen anekdota kontatu du. Harekin mintatzen ari zela ahoan zuen zigarrokina bota zuen lurrera, eta emakumeak mesedez zakarrontzira bota zezan eskatu zion. Sinbolismo horren atzean iraultzaren arima aurkitu duela azaltzen du orain; ezen, bere ustez, egiptoarrek herrialdea beraiena dela sentitzen dute orain, lehen ez bezala. Horregatik egin diote kaleak garbitzeari, trafikoa zuzentzeari, paretak margotzeari, auzoak zaintzeari... Egipto egiteari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.