Olatz Arrieta
Leku-lekutan

Emakumeen aurkako ofentsiba

2023ko abenduaren 10a
05:00
Entzun

Bigarren Mundu Gerran, 27 milioi biztanle galdu ondoren, behar demografikoei aurre egiteko, Sobietar Batasunak, abortua debekatu eta gero, hori legeztatzea erabaki zuen. Orain, Errusiako Gobernua abortatzeko debekua bultzatzen ari da, baina ez bakarrik galera demografikoei aurre egiteko, baita erregimenak ideologia etsaitzat jotzen duen feminismoaren aurka egiteko ere.

Ukrainaren inbasioaren eta COVID-19aren ondorioz, krisi demografikoa larritu egin da; hainbat adituren arabera, azken hiru urteotan bi milioi biztanle galdu ditu Errusiak, eta, horregatik, gobernua haurdun dauden emakumeen artean hasi da etorkizuneko herritarren bila. Horretarako aitzakia familiaren balio «tradizionalak» babestea da, beste behin Eliza ortodoxoaren laguntzarekin, noski.

Udaraz geroztik, Errusiako Tver eta Mordovia eskualdeetan, haurdun daudenei abortatzeko aukera dutela esatea bakarrik delitua da. Isuna edozein herritar, sendagile, erietxe edo taldek jaso lezake, emakume batek abortatzeko «propaganda» jaso duela salatuz gero. Hurrengo pausoa Errusiak abortua debekatzea izango dela aurreikusten dute askok.

Ukrainako gerraren ondorioz, haur asko aitarik gabe geratu dira. Horrekin batera, egoera ekonomikoak okerrera egin du, eta ondorioz, abortatzeko eskaerak asko handitu dira. Abortuen hazkundea geldiarazteko helburuarekin, haurdunaldia eteteko medikamentuen salmenta murriztu du gobernuak. Hala ere, oraindik, Errusia da munduan abortu gehien egiten dituen herrialdea; hots, 53 abortu mila emakumeko, Nazio Batuen Erakundeak emandako datuek diotenez. 

Indarrean dagoen legearen arabera, haurdunaldiaren lehen hamabi asteetan abortua librea da, eta kasu batzuetan —bortxaketa edo aitaren heriotza edo espetxealdia— 22 astera arte baimenduta dago. Praktikan, ordea, haurdunaldia eten nahi duten emakumeek ez abortatzeko gomendioa eta presioa jasotzen dituzte sendagileen eskutik, osasun zentro publikoetan. Gainera, abortatzeko medikamentuak ezin dira lehen bezain erraz lortu. Horregatik, hiri handietan bizi eta bitarteko ekonomikoak dituzten emakumeek klinika pribatuetara jotzen dute abortatzeko.

Putinen garaian Internet da disidentziaren sukaldea, eta, oraindik pribatua den espazio horretan, emakumeek euren eskubideen alde borrokan jarraitzen dute.

Gainontzekoek abortu klandestinoak egin edo haurdunaldia bukatzea dituzte aukera bakarrak. Azken hilabeteotan, klinika pribatuetan haurdunaldia eteteko prozedurak debekatzearen alde agertu da Errusiako Osasun Ministerioa. Krimean, jada, ezin da legalki aborturik egin. Han ez dute legerik onartu, gobernuaren eta Eliza ortodoxoaren presiopean, klinikek eurek «erabaki» dute aborturik ez egitea. Abortuaren aurkako ofentsiba Ukrainako gerrak ekarri duen gizartearen, ekonomiaren eta emakumeen gorputzen militarizazioarekin bat datorrela diote emakumeen eskubideen aldeko taldeek. Emakumearen zeregina gerran etorkizuneko soldaduen ama eta  egungo soldaduen «euskarri» izatea dela salatu dute.

Gizarte zibila erabat suntsitzeko bidean, gobernuaren hurrengo jomuga talde feministak dira. Urteetan, emakumeek zuzendutako taldeek desafio egin diote erregimenari; besteak beste, soldaduen amen taldeek eta Pussy Rioteko neskek. Azken horiek izan ziren Vladimir Putin presidentearen eta Eliza ortodoxoaren aliantza ultrakontserbadorea nazioartean salatu zuten lehenak.

Sobietar Batasunak emakumeak sukaldeetatik atera zituen, baina, aldi berean, sukaldeetan antolatu ziren disidentzia mugimenduak gobernuaren zelatarietatik babestuta zeuden etxeko leku pribatua bakanak zirelako. Putinen garaian Internet da disidentziaren sukaldea, eta ,oraindik pribatua den espazio horretan, emakumeek euren eskubideen alde borrokan jarraitzen dute, Errusiaren nazioarteko bakartzea medio, sekula baino bakarrago dauden arren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.