ander perez zala
Frantziako lehen ministro aldaketa. Analisia

Gabriel Attal: barnera, kanpora eta etorkizunera begirako hautua

2024ko urtarrilaren 10a
11:45
Entzun

Ez dira ezta bi urte ere pasatu 2022ko apirileko garaipenetik, eta Emmanuel Macronek dagoeneko bigarren legegintzaldia irauli behar du. Ez du gehiengo osorik parlamentuko bi ganberetan, erretreten erreforma indarrez pasatzeak kostu politiko handia izan du —lehen agintaldiko (2017-2022) nekeari gehitu behar zaiona—, eta Immigrazio eta Asilo Legearen onarpenak agerian utzi ditu barne zatiketak. Hortaz, horri guztiari aurre egiteko, ohiko irtenbidea: lehen ministroa aldatzea.

Gabriel Attal ez zen lehen hautua, ezta politikan esperientziarik handiena duena ere. Baina, oraingoan, hori ez zen garrantzitsuena: Macronek politikari macronista bat behar zuen, eta gobernuburu hautatua da soslai hori hobekien betetzen duena. 2017ko izpiritura itzultzeko saiakera bat da, gainera: lehenik, ez ezkerreko ez eskuineko ideia horretara, presidenteak sortu duen espazio politikora —Attalek PS Alderdi Sozialistan militatu zuen, eta profil eskuindarra du—; eta, bigarrenik, berritasunaren beste ideiarena, lehen ministro berria gaztea baita, eta etorkizuna eta belaunaldi aldaketa irudikatzen baititu.

Frantziako presidenteak azken bultzada bat nahi du bigarren eta azken legegintzaldia osorik betetzeko. Gobernu aldaketa erabili du horretarako, baina, orain, ikusteko dago ufada horrek gutxi edo asko iraungo dion. Berehala izango du lehen geltokia, eta, ziurrenik, epe laburrera begirako erronkarik erabakigarriena: datorren ekainaren 9an Europako Parlamenturako bozak egingo dituzte, eta RN Batasun Nazionala ultraeskuindarrak lortuko luke, berriz ere, ordezkaritzarik handiena herrialde horretan jokoan dauden eserlekuetan.

Ezustekorik ezean, RNren zerrendaburua Jordan Bardella izango da, geroz eta ospe handiagoa bereganatzen ari den alderdiko presidente gaztea —29 urtekoa—. Haren kontra lehiatzeko hautua ere izan da Attal, Bardella komunikatzaile ona baita, eta lehia estua espero baita datozen hilabeteetan.

Gabriel Attal Hezkuntza ministro kontserbadorea izan da, ordena eta autoritatea lehenetsi duena, eta eskuindarren ideiei babesa eman diena.

Hain justu, macronista izateak zera ere esan nahi du: ahal dela, ospea izatea herritarren artean, eta, batez ere, komunikatzeko gaitasuna izatea. Macronen gobernuetako beste lehen ministroekin konparatuta —Edouard Philippe (2017-2020), Jean Castex (2020-2022) eta Elisabeth Borne (2022-2024)—, nabarmena izango da aldea gaurtik aurrera; Attal askoz ere ezagunagoa da, eta boto emaileek iritzi askoz ere hobea dute —oraingoz— haren inguruan; besteak beste, komunikatzeko duen abileziagatik. Gainera, presidentearen Renaissance alderdian ospe handia du, eta alderdi aliatuekin ongi konpontzen da.

Horrek guztiak azaltzen du pazientzia eta denbora asko eskatzen duen ministerio batean —Hezkuntzakoan— hain denbora gutxi —urte erdi— egon den politikari bat aukeratzea lehen ministroaren kargurako.

Eta, bide batez, Macronek bere ordezkoa aukeratzeko lasterketa abiarazi du, zeharka bada ere. Hark sorturiko eremu politikoaren etorkizuna argitzeko dagoen honetan, Philippe, Gerald Darmanin Barne ministroa eta Bruno Le Maire Ekonomia ministroa dira presidenteak 2027an hutsik utziko duen aulkian esertzeko nahia izan dezaketen politikarietako batzuk —denak LR Errepublikanoak alderdian militatu dutenak—. Attal ere sartuko al da lehia horretan? Oraindik ez dago argi; ziurrenik, gobernuburu karguan egingo duen bidearen araberakoa izango da erabakia.

Bien bitartean, lehen ministro hautatuak lan asko egin beharko du barne aliatuei begira, eta zer esanik ez oposizioarekin. Elkarrizketarako eskua luzatu zien atzo, beste hainbat keinu egitearekin batera. Badirudi argi dagoela zein den bidea: Attal Hezkuntza ministro kontserbadorea izan da, ordena eta autoritatea lehenetsi dituena, eta eskuindarren ideiei babesa eman diena. Hortaz, pentsa daiteke 2027ra arte —karguan irauten badu— ez duela eskuineko boto emaileak haserretzeko erabakirik hartuko. Horiek baitira, gaur egun, macronismoaren oinarri nagusia; alde handiz, gainera.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.