Leku-lekutan

Inpunitatea

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Iragana oroitzapen ilunekin itzultzea bezala da Iraungitze Legea bertan behera uztea, Uruguaiko oposizioarentzat. Haren ustez, lege itxura eman nahi izan dio Gobernuak asteon Senatuan hartutako erabakiari, baina horren atzean bakean bizi nahi dutenen—edo amnesia kolektiboan— kontrakoerresumina dagoela uste du, errebantxa nahia eta zekenkeria politikoa, diktadurak akabatutako familien samina garrantzitsua delako, baina gerrillak bere ekintza irrazionalean eragindako familiena bezainbeste. 1973. eta 1985. urteen arteko diktadurako kriminalak zigorretik babesten zituen legea atzera botatzerakoan bi alditan adierazitako herriaren subiranotasunaren gainetik borondate politikoa inposatzea leporatu dio Jose Mujica presidenteari. Botoa, demokraziaren armarik eraginkorrena, bake sozialaren eta adiskidetzearen aldekoa izan baita.

Bi erreferendum egin dira Uruguain, oposizioak ondotxo aipatzen dituenak. 1989an, diktadura erori eta hiru urtera oraindik armadaren boterea sumatzen zen garaian lehena. Ezezkoak irabazi zuen botoen %57rekin. Baina legea bertan behera uzteko borrokak ez zuen islarik eduki komunikabideetan; alderdi politikoen kontrako atentatuengatik sortutako beldurrak eta militarrek instituzioak lehertuko zituztela mehatxuak zipriztindu zuten kanpaina, eta, gainera, erreferendumaren galderak formulazio xelebrea zuen: ez zen legearen alde edo kontra bozkatu, egonkortasun demokratikoari iraunarazteko legea bertan behera utzi edo ez baizik.

Bigarrena 2009an egin zuten, baina galdeketasustatu zuen plataforma kexu zen prozesua bideratu zuten moduarekin. Presidentetzarako hauteskundeekin batera egiteagatik kanpainako beste gaiek protagonismoa ken ziezaioketela ohartarazi zuten bozketa aurretik, baina hori ez zen larriena taldearentzat, beste hauxe bai: erreferendumak baiezkoaren botoa eskatu zuen soilik. Ez zen ezezkoaren paperik egon. Baiezkoa ez ematea ezezkotzat jo zuten, eta erreferendumaren berri ez zuenak, beraz, nahi gabe ezetzaren alde egin zuen. Herritarren %53k ez zuten baiezko papera sartu. Baina boz haietan Jose Mujica aukeratu zuten presidente izateko herritar gehienek, eta hark legea bertan behera uztearen aldeko jarrera erakutsi zuen hasieratik. Orain haren alderdiak bideratu du prozesua, eta herritarren nahiaren kontra egitea leporatu diote 31 senatarietatik 15ek.

Iraungitze Legearen ordenamendu juridikoaren arabera, 1985eko martxoaren 1 arte poliziek eta militarrek egindako delituen kasuak ezin dira ez zabaldu ez epaitu. Gertatu zena ikertzeko modu bakarra dago: legea bera bertan behera uztea. Kasu konkretuak epaitu dituzte, Iraungitze Legea horietan banan-banan Konstituzioaren kontrakotzat jota, baina ez orokorrean. Harrigarriena da legea bertan behera uzteko prozesua jotzen dutela batzuk Konstituzioaren kontrakotzat, ez hura egitea eta aplikatzea, ez kriminalari nahierara aritzeko eta 250 lagun desagerrarazteko eman zion inpunitatea. Eduardo Galeano idazleak azken erreferendumean «preso dagoen demokraziaren askatasuna» eskatu zuen, «betiko belztasunera eta ahanzturara garamatzan lege gaixo honen abolizioa». Justizia. Demokrazian urrats bat ez bada hori, zer da ba?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.