Israel aldera misil gehiago jaurtitzen badituzte «erantzuna neurriz kanpokoa» izango dela ohartarazi du aste honetan bertan Ehud Olmert lehen ministroak. 22 egunean 1.400 palestinar inguru hil eta 5.000 zauritzea neurri egokiko erantzuna iruditzen zaio nonbait gobernuburuari. Izan ere, «israeldarren segurtasuna bermatzea» da ororen gainetik haren helburua, baita horretarako milioi eta erdi palestinar kartzela erraldoi batean preso eduki behar baditu ere.
Dena den, herritarrak ez datoz bat lehen ministroarekin. Gaza hondamendi eremu bilakatu duen erasoaldia, neurrikoa baino gehiago, neurri txikikoa iruditu zaie. Horregatik, proportzioak hobeto kalkulatuko dituen norbaiten bila dabiltza. Eta hara non, Avigdor Lieberman agertu den agertokian.
Putin judua ere deitzen diote Liebermani. Haren kanpainako proposamen nagusietako bat da Israelgo mugak aldatzea, gehiengo musulmana duten auzoak herrialdetik kanpo uzteko, «etxeko terroristak kanpokoak baino arriskutsuagoak» direlako haren esanetan. Gazteak dira haren jarraitzaile leialenak; lau urte barru Israelen geroa erabakiko duten horiek, hain zuzen ere. 16 eta 18 urte arteko gazte horiek behin betiko amaitu nahi dute «arabiarren arazoa» deitzen dutena, eta irtenbidea Lieberman dela uste dute. Asko aldatu behar du egoerak haren alderdiak bozak irabazteko, baina ia ziurra da koalizio gobernuko kide izango dela, eta horrek botere handia emango dio Putin juduari.
ISRAEL. LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK. ANALISIA. Putinen ondorengoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu