KATALUNIAKO HAUTESKUNDEAK. Hausnarketa garaia

arantxa elizegi egilegor
2010eko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Inkestak baikorregiak ziren, arrosa kolorekoegiak. Baina ezkerreko alderdiek sinetsi egin zituzten, horren alternatiba beltzegia zelako, izugarriegia. Azkenean, ordea, errealitateak zaplazteko batekin iratzarri ditu; soilik batek lortu du ametsezko mundurako giltza, Joan Laportaren Solidaritatek. Hark ere izan du ustekabeko desatseginik, hala ere, bere alter ego-arekin, Ciutadansekin partekatu beharko baitu talde mistoa. Horrek, dena den, ez dio gehiegi mikaztuko garaipen gozoa. Izan ere, lehen aldiz bozetara aurkezten den eta aldarri bakar independentzia duen talde batentzat, arrakasta handia da lau diputatu lortzea.

Txanponaren kontrako aldean daude ERC Esquerra Republicana de Catalunyakoak. Haien hautesleak izan dira, neurri handian, Solidaritaten gorakada posible egin dutenak; baina baita ere CiU Convergencia i Unioren bakarkako gobernua ahalbidetu dutenak. ERCko buru Joan Puigcercos betilun ageri zen herenegun gauean egindako agerraldian. Ez da gutxiagorako. Hirugarren talde nagusia izatea bilatzen zuten, eta atzetik hirugarren geratu dira, PPren eta ICV Iniciativa per Catalunya-Verdsen ondoren. Askok ohartarazi zieten kontuz ibiltzeko bigarren aldiz hirukoan sartu zirenean. Esquerrakoek, baina, entzungor egin zuten. Estatutua, euren proiektu nagusia, egia bilakatzea zuten helburu. Hori bera izan da, ordea, azkenean euren porrota eragin duena. Erreferendum bidez onartu ondoren, Madrilek hura nahi erara moldatu izanak katalanen haserrea eragin du, eta ERCren baitan piztutako liskarrek zauria gaiztotzeko soilik balio izan dute.

Egia da lehen ere gora behera handiak izan dituela orain arte Parlamentuko talde independentista bakarra zenak, baita beti lortu duela burua altxatzea ere -Josep Lluis Carod-Rovira lehen aldiz aurkeztu zenean, 1999an, 13 diputatu soilik lortu zituen, 2003an, aldiz, 23-. Baina oraingoan egoera oso bestelakoa da. Dagoeneko ez da subiranotasuna eskaintzen duen bakarra, egun haren diskurtsoa zaharkitua geratu da, eta konpetentzia gogorra da. Hari, Kataluniako Sozialisten Alderdiari bezala, hausnarketa sakona egiteko garaia heldu zaio. Lau urte ditu egindako okerrak konpondu eta galbidetik irteteko.

Ezkerraren hanka-sartzeek, bestetik, eskuinaren berpiztea ahalbidetu dute. Era kezkagarrian gora egin dutenean artean dago Josep Angladaren Plataforma per Catalunya. Igandean hainbat minutuz hiru eserlekurekin agertu zen PxC egunkari guztietako azaletan. Azkenean, zorionez, hotzikara hutsean geratu zen dena, eta boto kontaketek Legebiltzarretik kanpo utzi zuten Anglada. Gertatutakoak, ordea, zer pentsatu ematen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.