ander perez zala
Presidentetzarako bozak Frantzian. Bigarren itzulia. ANALISIA

Macronen espazio politikoa

2022ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Frantziako paisaia politikoak aldaketa ikaragarriak jasan ditu azken hamarkadan. 2012ra arte bi bloke handi zeuden, oro har PS Alderdi Sozialistak eta UMP Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasunak osatzen zituztenak, eta bost urte geroago errotik hautsi zen logika hori, 2017an lau polo sortu zirenean. Emmanuel Macronen hautagaitzak sakoneko eboluzio baten hasiera eragin zuen, eta, harekin batera, gora egin zuten Jean-Luc Melenchonen LFI Frantzia Intsumisoak eta RN Marine Le Penen Batasun Nazionalak; aldi berean, LR Errepublikanoek bizirik irautea lortu zuten, eta PS blokeen logika horretatik atera zen, nabarmen hondoratu baitzen François Hollanderen agintaldi gatazkatsuaren ondoren. Aurten, berriz, errealitatea lautik hirura txikitu da, eta lehia Macronen, Le Penen eta Melenchonen artekoa izan da; oraingoan, LR da ekuaziotik desagertu den alderdia.

Macronek berriz irabazi du, eta, beraz, bigarren eta azken agintaldia egingo du Frantziako presidente karguan, eta ezingo da 2027ko hauteskundeetara aurkeztu; haren espazio politikoa—eta alderdia—, hortaz, gidaririk eta aurpegirik ezagunena gabe geratuko dira legealdi amaieran. Horrek galdera bat utzi du agerian: Macron gabe, ba al dute etorkizunik haren proiektuak eta LREM Errepublika Martxan alderdiak? Inkestek agerian utzi baitute herritarrek estatuburuaren alde egin dutela bere profilarengatik edota Le Penen garaipena eragozteagatik, eta ez ideologiagatik eta programagatik.

Frantziako presidenteak, legatu bat uzteko beharraz harago, bere ondorengoa aukeratzeko eta hura erakargarri bilakatzeko zeregina jarriko dio bere buruari datozen bost urteetan. Badira zenbait izen-abizen: Bruno Le Maire Finantza ministroa, Sebastien Lecornu Itsasoz Haraindikoa eta Gabriel Attal gobernuaren bozeramailea, kasurako; baina oraindik zertxobait falta da pertsona hori zein izango den jakiteko, edo, behintzat, lehen zantzuak ikusteko. Ziurrenik, Macronek ekainean egitekoak diren Asanblearako bozen ondoren osatuko duen lantaldeak argituko du hori, eta, batez ere, Frantziako estatuburuaren bigarren agintaldiak. Goizegi da, hortaz, Macronek sortu duen espazio politikoaren etorkizunari buruzko galderari baietz edo ezetz erantzuteko.

Argi dagoena zera da: Frantziako presidentearen proiektuak ez duela dena aldeko. Herritarrek bigarrenez hautatu behar izan dute haren eta ultraeskuindarraren artean —askorentzat, aukerarik txarrenaren eta ez hain txarrenaren arteko lehia izan da—, eta, horren aurretik, Macronek lehen agintaldi oso gatazkatsua izan du; krisiz, eztabaidaz eta protestaz beterikoa izan da, eta baliteke datorrena ere gisa berekoa izatea, besteak beste milioika herritarrek gorroto dutelako estatuburua.

Urteotako paisaia politikoaren eboluzio etengabearen atzean arazo bat dago, eta hori da Frantziako sistema ez dela gai izan gizartearen aldaketetara eta eskarietara moldatzeko. Herritarren nahiak, beharrak eta kritikak erreakzio bat dira inguruan duten mundu aldakorraren aurrean, baina horiei erantzun desegokiak emateak —edo erantzunik ez emateak— boto emaileen haserrea eta aldaketarako nahia elikatu ditu. Hala gertatu da azken hamarkadan, eta hala gertatuko da datozen bost urteetan, erreformarik ezean; izan ere, Macron dena aldatzen saiatu da, ezer ez aldatzeko.

Aurtengo presidentetzarako bozek agerian utzi dute, beste behin ere, Frantziako sistemak iraungitze data bat duela. Presidenteak botere gehiegi du; parlamentuak, gutxiegi; eta diputatuak aukeratzeko sistemak ez du errealitatea modu egokian islatzen, ez baita proportzionala—salbuespenak salbuespen, ohikoena baita presidentearen alderdiak gehiengo osoa jasotzea Asanblearako bozetan—.

Frantzia hiru bloketan zatitu da, baina sistema politikoa iragan mendetik dago antolatuta lehia biren artekoa izateko. Eta horregatik da herrialdea geroz eta ezegonkorragoa, eta abstentzioa geroz eta handiagoa, iragan hamarkadetako egoerekin konparatuz gero.

Testuinguru horretan, 2022-2027ko legealdia erabakigarria izango da errealitate politikoaren hamaikagarren eboluziorako. Macronen espazio politikoaren etorkizuna zalantzan egoteaz gain, balitekeelako aurtengo bozetako beste protagonisten geroan ere sakoneko aldaketak egotea. Eta aldaketa horiek Frantziako presidentearen oinarri elektoralaren araberakoak ere izango direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.