Ane irazabal
Leku-lekutan

Meloni, gure laguna

2024ko apirilaren 14a
05:10
Entzun

Historialariek maiz esan ohi dute Italia Europaren laborategi politikoa dela. Alpeetatik behera gertatzen diren prozesu historikoak aurrekariak izan dira gero Europan eta munduan gertatu dena hobeto ulertzeko. Hainbat adibide: Benito Mussoliniren eta faxismoaren botere hartzea 1922an, nazismoa baino hamarkada bat lehenago; Silvio Berlusconiren eta populismoaren fenomenoa 1990eko hamarkadan, ondoren Donald Trumpen eta beste hainbat gobernubururen inspirazio iturri izan zena; mugimendu antisistemen sorrera 5 Izarren Mugimenduaren eskutik; edo, kointzidentzia hutsa izanda ere, COVID pandemiaren Europako ustekabeko agerraldia eta ondoren ezarritako konfinamendu neurriak. Askotan Italiako prozesu politikoak ez dira serioski hartzen, baina Erroma etorkizunetik mintzatzen ari zaigula dirudi.

Testuinguru horretan ulertu beharko litzateke Giorgia Meloniren iritsiera, eta orduz geroztik Italiako eskuin muturrak bizi duen normalizazio eta zuritze kanpaina geldiezina. Politikari erromatarra ez da berria Italiako sistema kaotikoan. Gazte-gaztetatik komunismoarekiko gorrotoak mugitu du, eta sentimendu hori bere aitari egozten dio. Izan ere, Alderdi Komunistako jarraitzailea zen Francesco Melonik familia abandonatu zuen Kanaria uharteetara alde egiteko, eta, psikoanalista batek azalduko lukeen bezala, Giorgia gazteak postfaxismoa besarkatu zuen aita metaforikoki hiltzeko.

Garbatella auzoan sortu zen Meloni, baina hasiera-hasieratik bizkarra eman zion hango izaera ezkertiar eta solidarioari. Giorgio Almiranteren Italiako Mugimendu Sozial neofaxistara batu zen, eta gero Gianfranco Finiren Aliantza Nazionalera. 2008an, Berlusconiren koalizio gobernu baten eskutik, Italiako ministrorik gazteena bilakatu zen. Baina Meloniren karrera meteorikoa 2010eko hamarkadan hasi zen; alegia, Anaia Italiarrak alderdia sortu zuenean. Ordutik, gora eta gora egin du botoetan eta indar politikoan, berak gidatutako eskuineko koalizioak 2022ko hauteskundeak irabazi zituen arte.

Nazioartean zilegitasun politikoa irabazten ari den heinean, neurri antidemokratikoak tenporizatzeko artea ikasi du.

Nolakoa da Meloniren Italia?, galdetu ohi dute askok Alpeen beste aldetik. Zeintzuk dira zuritze kanpaina horren baitan politikari ultraeskuindarrak hartu dituen neurriak? Melonik bere tonu oldarkorra lurperatu, eta euroeszeptismoa zaborrontzira bota du, eta Bruselaren, Frantziaren eta Alemaniaren aurkako kritikak geratu ditu. Are gehiago, harreman estua josi du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentearekin, eta NATOren aliaturik sendoenatzat aurkeztu da Washingtonen aurrean. Zuritze kanpaina borobiltzeko, gainera, faxismoa gaitzetsi du, eta Mussoliniren lege arrazialak salatu. Nazioartean zilegitasun politikoa irabazten ari den heinean, neurri antidemokratikoak tenporizatzeko artea ikasi du.

Barne politikan, berriz, egonkortasuna eman dio urtero gobernuz aldatzera ohituta zegoen Italiako gizarteari, eta koalizioaren barneko kritikak isildu ditu. Beste hitzez esanda, xake-matea egin dio Matteo Salviniri. Eskubide sozialen alorrean, berriz, geroragoko aparkatu ditu sexu bereko batasunen ilegalizazioa, abortuaren kriminalizazioa eta sistema judizialaren erreforma. Orain arte haren Europako bazkiderik estuena izan den Poloniako Legea eta Justizia alderdi ultrakontserbadoreak egindako akatsengandik ikasi duela dirudi. Hori bai, hedabide publikoen kontrol zorrotza ezarri du eta RAI «Tele Meloni» bilakatu da dagoeneko.

Edonola ere, gobernuburuak ez du bere promesarik handiena bete. Lider postfaxistaren azken hamarkadetako aldarrikapenik handiena izan da migratzaileen «inbasioa» bukatzea, alegia, Mediterraneoa gurutzatzen duten etorkinen iritsiera geratzea. Haren programa politikoaren eta mitinetako eztabaidagai nagusiena izan ohi zen auziari ez dio berak nahiko liokeen irtenbidea eman eta mugak kontrolatzearen truke Tunisiari milioidun diru laguntzak eskaini dizkion arren, Melonik onartu behar izan du emaitzak ez direla «nahi bezalakoak izan» eta gauza bat dela «oposizioan zera agintzea eta bestea boterera iristen zarenean hori ezartzeko gai izatea». Ba horixe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.