Iñigo Bilbao Sagastiberri.
LEKU-LEKUTAN

On Herio jaun txit beldurgarriari gorazarre

2023ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Mexiko heriotzari lotuta dago, zoritxarrez. Bizi dugun aitortu gabeko gerrak dozenaka hildako uzten ditu egunero. Bitxia, hortaz, Hildakoen Eguna izatea mexikarrentzat festarik esanguratsuenetako bat. Ostegun gauean Mexiko Hiriko periferiako herrietan hilerriak lepo beteta egon ziren. Hildakoak lurpean, eta oraindik lurperatu ez dituztenak gaupasan, jatekoak, edatekoa eta mariatxiak lagun.

Coco filma ikusi duenak ikasi du zein ikusgarria den Mexikon On Heriori egiten zaion gorazarrea. Festaren sustraiak, egiazkoak, ez daude argi. Ezta mexikarrentzat ere, nahiz eta guztiek pentsatu badakitela eskolan irakatsi zietenagatik. Zer ikasi zuten? Hildakoen Eguna konkista aurrekoa dela, hain zuzen. Eta egia da, neurri bateraino, aurrekari asko aurki ditzakegulako konkistaren aurretik berton bizi ziren kulturen tradizioetan. Lurralde hauen jatorrizko herritarrak sinetsita zeuden heriotzaren ondoren bazela bizitza eta, hortaz, zer ospatu egon bazegoela. Heriotza gurtzen zuten eta jendea hiltzen zen unetik bertatik hasten zen gorazarrea. Gorpuak, festa giroan, petate batean bilduta lurperatzen zituzten Mictlan izenaz ezagun zuten azpimundurako bidean gidatzeko. Jatekoak ere jartzen zizkieten, bidean gosea asetzeko.

Jatorrizko herriek urtean behin baino gehiagotan oroitarazten zituzten zendutakoak, batez ere uztak amaitzen zirenean, irailetik azarora bitartean. Zeremonia hauek ereitearen fruitua jainkoekin partekatzeko egiten ziren, eta hori izan daiteke, noski, Hildakoen Egunaren hasieretako bat. Ez bakarra, baina.

Gaur egungo festak zerikusi handia du erlijio katolikoak XI. eta XII. mendeen artean sortutako tradizioekin ere. Garai hartan, hezur, garezur eta eskeleto formako elikagaiak prestatuta, elizara eramaten zituzten. Horiexek dira konkistatzaileek mundu berrira ekarriko ohiturak. Hildakoen Eguna ez dago, ez, tradizio bakarrari atxikitzerik. Herri indigenen festa da, katolikoen festa den bezainbestetsu. Hori bai, munduko jairik ikusgarrienetako bat dela, horretan ez dago dudarik.

Mexiko ezagutu duenak badaki Hildakoen Eguna tradizio koloretsu bezain liluragarria dela, eta ospakizunak giro paregabea sortzen duela herri guztietan. Itsasoz bestalde, erlijio katolikoaren egutegian ospakizuna bi egunetara mugatzen bada ere, azaroaren 1 eta 2ra, hain zuzen, Mexikon arinago hasten dira zendutakoak gogora ekartzen: arima bakartiak lehenik; inork akorduan ez dituen hildakoak gero; baraurik edo istripuz hil zirenak, ondoren; eta urriaren 31ko kandelak, ura, ogia eta fruituak zendutako arbasoentzat izaten dira.

Ordurako etxe, denda, lantegi, ospitale edo bulego ia guztietan bezala, auzoetako kaleetan ere aurreratu zirenen omenezko aldare moduko eskaintzak ipiniak dituzte: kolorez, zaporez eta usainez betetako aldareak dira, gau bakarraz bada ere hildakoei bizidunon munduan harrera egiteko. Horietan cempasuchil loreak ipintzen dira hasteko, haien kolore beilegi argitsuak bidea irakatsi diezaion falta denari. Aldarean ez dira falta azukre edo txokolatezko burezurrak, hildakoen ogi opilak, ura, kandelak, fruta, ardoa, mole orea eta zendutakoen janari eta edaririk gogokoenak.

Kalekumeen artean sartuta dago, noski, Halloween deiturikoa, baina Europan ez bezala ez die honek itzal egin arbasoen tradizioei. Azken egunotan agerraldi alaitsuak izan dira Mexiko Hirian giroa berotzen hasteko, Catrinen gaueko desfilea atzo zortzi, eta Hildakoen Egunekoa ostegunean. Milaka emakume eta gizonek hiriburuko kale nagusiak hartu dituzte bi egun horietan aurpegian garezur bitxi eta dirdiratsuak margotuta zeramatzatela. Hirian folklore hutsa da festa, argi eta garbi. Ez da berdin gertatzen, baina, hiriak aspaldi irentsiak dituen periferiako herrixketan.

San Antonio Tecomitl herrian, kasurako, hildako umetxoak gogoratu zituzten asteazkenean, hilaren 1ean, haien hilobiak gustukoen zituzten jostailu eta goxokiekin apainduaz. Ikustekoak, benetan. Ostegun gauean, berriz, parrandarako hartu zuten hilerria tecomitldarrek: Dotore apaindutako hilobien ondoan sua piztu zuten, bertan afaria prestatzeko, tekila gehiegizkoak kalterik egin ez ziezaien. Musikarik ere ez zen falta izan, tarte batean mariatxiek eskainitakoa, eta ordu txikietan berriz topera ipinitako bozgorailuek botatakoa.

Hildakoena parranda eguna da, biharamuneko eta handik aurrerako egun guztietan izango diren hildakoek eragingo duten samina eztitzeko, edo. Guerrero eskualdean Otis ekaitzak utzitako hildakoek eragin zutena, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.