Konpetentziak ez du barkatzen. Ranbletako gozategi batzuetan ez da coca de vidre saltzen; eta saltzen den lekuetan prezio diferenteak ditu Kataluniako pastel tipikoak. Konpetentziak ez du barkatzen: ez CiUk ez PSCk nahi dute bestea egongo den batasun nazionaleko gobernuan egon, itxuraz. ERCk kanpainako eskaintzari eutsi dio, eta besteen bizkarrean utzi du PP baztertuta Kataluniako estatutua eta gizarte ongizatea garatzeko aukera, ez duelako «ez katalanismoaren, ezta progresismoaren kontra» egin nahi. Carodek erronka bota die bi alderdi nagusiei, baina ez dirudi gobernu horrek aurrera egingo duenik. Bitartean, hautagaien erretratoak elkarri begira daude oraindik ere Ranbletan.
Carod-Rovirak hordagoa jo du. Ez da bera izango norekin gobernatu nahi duen esan beharko duena, CiUk eta PSCk kanpainan etengabe eskatzen ziotena; nazionalistek eta sozialistek argitu beharko dute haiek norekin agindu nahi duten: ERCrekin eta bestearekin edo ez. Aukera hori ia ezina delarik, nahi duenarekin minimoen programa bat adosteko prest dago Carod-Rovira. Hori onartu ezean, oposiziora joango da. Egunotan Mario Cuomok New Yorkeko gobernadorea zenean esan zuena gogoratu dute prentsan. «Kanpainan poesia egiten duzu; gobernuan, prosa». CiU-PSC-ERC gobernua baztertuta ICVk argi utzi du CiUrekin ez doala inora, noren alde idatziko du Carod-Rovirak bere prosa? Bozek Kataluniako errealitate soziologikoa ezkerrekoa dela agertu dute berriro. Baina PSC eta ICV, ezkerreko alderdiak izan arren, Espainia batuaren aldekoak dira, ñabardurak ñabardura. Eta ERC independentista moderatua da, ñabardurak ñabardura. «Masek irabazi du; Carodek erabakiko du», zioen atzo El Punt egunkariak. Logikaren arabera, ERCk CiUrekin paktatu behar luke era batera edo bestera. Carodek argi utzi zuen atzo gutxieneko baldintza batzuk onartuko dituenarekin joango dela. CiUk garaipena «umiltasunez» kudeatuko zuela esan zuen igandean, eta negoziatzeko prest dagoela atzo. Baina noraino joateko prest egongo dira Mas eta Duran i LLeida arlo nazionalean? Eta arlo sozialean? Eskola pribatuei pixkanaka-pixkanaka suben- tzioak kendu, etorkinen integrazioa benetakoa politika sozialen bidez bultzatu nahi izango du CiUk?Esquerrako baseek ez dute erraz onartuko eskaerak gehiegi murriztea gobernu nazionalista osatzeko, gobernu independentista edo, behintzat, autodeterminazionista ez bada. Esquerra ez baita EA, biak batera joan arren. ERCk ezkerraren tradizioa eta historia ditu, pragmatismoz jantziak, eta militante askok CiUtik haserre hurbildu zaizkion nazionalista hutsek ez, noski, ez lukete hain erraz saldukeria soziala onartuko. Hortik dator arriskua, eta CiU eta PSOE tensiogune hori esplotatzen saiatuko dira.Sozialistek 8.000 boto gehiago lortu arren, lau diputatu gutxiago dituzte: boto emaile espainolistenak ez daude Maragallen jokaldiekin eroso, eta Piqueren espainolismo inmobilistena dute erreferentzia fidagarri bakarra; ezkertiarrenek, ostera, ICV hobetsi dute. Datozen asteotako negoziazioek argituko dute dena. Maragallek ezkerreko gobernua eskatzen segitzen du; ICVk CiUrekin hitzarmenik ez egiteko eskatu dio ERCri; PPk zentroa «bilatu» duela esan du; CiU negoziazioetarako estrategia prestatzen hasi da, eta ERCk desiatuena izaten segitzen du. Bitartean, Ranbletako arboletan hautagaien erretratoak ikus daitezke oraindik. Eta inguruko telefono kabinetan «puta beltzak = hiesa» dioten papertxoak. Konpetentziak ez du barkatzen.
ANALISIA
Poesiatikprosara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu