AEBetako primarioak. Astearte Handia. ANALISIA

Sandersek galdu dituen aukerak

ander perez zala
2020ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Bernie Sandersentzat, uztaileko konbentziora ordezkarien gehiengo osoarekin iristea da Alderdi Demokrataren presidentegai bilakatzeko aukera (ia) bakarra. Hori kontuan hartuta, Astearte Handia zaplazteko handi bat izan da haren hautagaitzarentzat: senatari independenteak herenegungoa baino askoz ere emaitza hobeak behar zituen lasterketa bere alde bideratzeko.

Sandersek asko galdu du gau bakarrean. Astearte Handia ez da erabakigarria, hautagaitzak sendotzeko balio du, eta hala gertatu zaie senatari independenteari eta AEBetako presidenteorde ohiari; horrek, aldi berean, lehiatik kanpo utzi ditu Elizabeth Warren senataria eta Michael Bloomberg New Yorkeko alkate ohia.

Besteak beste, Astearte Handiak balio izan du Sandersen estrategiaren ahulezia batzuk agerian uzteko: orain arte defendatu duen bidea ez dela gauzatu, hau da, abstentzioan daudenak tokian tokiko kanpaina bat eginda erakartzeko gai izango zela, ikuspuntu sozialdemokratatik.

Herenegunera arte, Sanders momentum-ean zegoen: goranzko joera sendotu zuen, hedabideen atentzioa zuen, eta aurkariak beherantz zihoazen. Senatari independenteari horrek ez dio askorako balio izan, AEBetako demografiak erabat irauli baititu aurreikusitako emaitzak. Alderdi Demokrataren hauteskunde oinarria erabat zatitu da: latinoek Sandersen alde egin dute, eta afro-amerikarrek Bidenen alde.

Biden, noski, Barack Obamaren presidenteordea izan zen, eta kargu horretan pasaturiko zortzi urteek pisu handia dute beltzen artean. Horren erakusle, Ipar Carolinan gertaturikoa: beltzen artean, Bidenek 47 punturen aldea atera dio Sandersi.

Senatari independentearen kanpainarentzat, errealitate hori ahulezia garrantzitsu bat da: 2016ko oinarria nabarmen handitu duen arren, ez da gai izan boto emaile desberdinen arteko koalizioa handitzeko. Virginian, esaterako, AEBetako presidente ohiak afro-amerikarren %63ren babesa jaso du.

Zer esanik ez zurien artean, azken egunotan botoa erabaki dutenen %52k egin baitzuten herenegun Bidenen alde, eta soilik %21ek Sandersen alde. Minnesotan eta Massachusettsen —Warrenen estatuan—, beltzen biztanleria handia ez den estatuetan, nabarmen gailendu zaio Biden Sandersi.

Bi oinarri finkotan banatu da demokraten barne lehia: Sandersek boto emaile gazteak, ideologikoki ezkerrerago daudenak eta latinoak erakarri ditu. Bidenek, boto emaile zaharrak, moderatuagoak eta afro-amerikarrak. Hauteskunde oinarriari dagokionez, Sandersek kezkatzeko moduko datuak jaso ditu: Biden garaile izan den estatuetako bostetan, Alabaman, Ipar eta Hego Carolinan, Tennesseen eta Virginian, boto emaile gazteen abstentzioa lau puntu handitu da, 2016koarekin konparatuz gero. Vermonten —senatari independenteak ordezkatzen duen estatuan—, garaipena lortu duen arren, Sandersen aldeko babesa 35 puntu jaitsi da.

Bada beste datu kezkagarri bat ere: Bidenek oro har boto emaile moderatuagoak edo kontserbadoreak erakartzen dituen arren, gai izan da ezkerreragokoak edo bere burua liberaltzat dutenak ere limurtzeko. Virginian, horien %42k egin dute presidenteorde ohiaren alde, eta %30ek Sandersen alde. Bere burua kontserbadoretzat dutenen artean, Bidenek babesen %55 jaso du, eta senatari independenteak, %19.

Hori guztia gehitu behar zaio Sandersentzat mingarria izan daitekeen errealitate bati: Bidenek Hego Carolinako primarioei bakarrik eman ziela garrantzia, eta hor izandako garaipenak bultzatu duela bere kanpaina.

Senatari independentea AEBetako presidenteorde ohiaren atzetik geratu da; behin betiko kontaketaren zain, 60-80 ordezkariko aldea legoke bien artean. Tartea txikia da, baina oso zaila da itzulia ematea, eta Sandersek ia ezinezko izango du Astearte Handia baino lehenago zuen aldea berreskuratzea; are gehiago ordezkarien gehiengo osoa lortzea. Horretatik oso urrun geratu da, urrunegi.

Denak Sandersen kontra da moderatuen aurtengo lehia, eta, zeregin horretan, alderdiaren aparatuak egin dezakeen guztia egingo du Biden izan dadin presidentegaia. Estrategia horretan kokatzen dira Pete Buttigiegek, Amy Klobucharrek, Tom Steyerrek eta Bloombergek Bideni babesa ematea. Moderatuak eta aparatua hautagai baten inguruan batu dira, eta Sandersek izendatua ez izateko aukera guztiak ditu, ordezkarien gehiengo osoa lortzen ez badu.

Egoera are gehiago zailtzeko, senatari independenteak ez ditu aldeko datozen hitzorduak: Floridan 219 ordezkari banatuko dituzte, hilaren 17an, eta biztanleriaren gehiengoa zaharra da; antzeko egoerari egingo dio aurre Georgian ere. Miraria egin nahi badu, Sandersek aukera bakarra du bere erretorika, hitz egiteko modua leuntzea, herenegun ihes egin zuten moderatuak erakartzeko. Horren jakitun da bere kanpainako taldea, eta horregatik zabaldu zuen atzo sare sozialetan senatari independentearen eta Obamaren arteko harreman ona erakusten duen bideo bat. Edo agian kontrako eragina lortzeko izan zen, establishment-aren aurrean profil propioa finkatzeko. Bitxiki, AEBetako presidente ohia ere izan liteke Bidenen azken errekurtsoa, azken asteetan beharko lituzkeen boto emaileak erakartzeko.

Sandersi aukera bakarra geratzen zaio: herritarrak konbentzitzea hautagairik onena eta seguruena dela garaipenerako. Gehiengo osoa behar du, konbentzioan aparatuak aukeratzen dituen superordezkariek Bidenen alde egingo dutelako, senatari independentea izendapenik gabe uzteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.