ander perez zala
Departamendu eta eskualde bozak. Korsika. ANALISIA

Simeonik autonomistak sortu(ko) ditu

2021eko ekainaren 29a
00:00
Entzun

Bozen lehen itzulian, Korsikako bi zerrenda autonomistek botoen %42,41 bildu zituzten, eta bi independentistek, %15,29; hortaz, denera, mugimendu nazionalista botoen %57,7 izatera iritsi zen, 2017an baino 5,65 puntu gehiago. Bigarren itzulian, Gilles Simeoni autonomistaren Fa Populu Insemek botoen %40,64 lortu ditu; Jean-Christophe Angelini autonomistaren eta Jean-Guy Talamoni independentistaren Avanzemu pe a Corsicak, %15,07, eta Paul-Felix Benedetti independentistaren Core in Frontek, %12,26; hirurak batuta, beraz, %67,97, duela hiru urte eta erdi baino 11,51 puntu gehiago.

Kopuru horiek aztertzea besterik ez dago ohartzeko mugimendu nazionalista uharteko sistema politikoaren erdigunean jarri dela, eta ez da handik mugituko. Ia %68ko babesa bildu dute autonomistek eta independentistek, eta hori nabarmentzekoa da, are gehiago Frantziako Estatuan gertatu dela kontuan hartuta, zentralizazioan oinarritzen baita. Konparazioa egitearren, aukera horien aldekoek babes handiagoa lortu dute Korsikako Asanblean, Eusko Legebiltzarrean eta Kataluniako Parlamentuan baino.

2015ean, nazionalistak lehen aldiz uharteko agintera iritsi zirenean, botoen %35,34 eta 24 aulki zituzten parlamentuan; datorren legealdian, berriz, 46 eserleku izango dituzte. Mugimenduak, eta batez ere Simeonik agintaldi bakarrean lortu duena ikaragarria izan da, «emantzipazioaren bidean sakontzearen» mezuan oinarrituta hainbat herritar autonomista bilakatu dituelako, edota, gutxienez, erregionalista.

Korsikako paisaia politikoa jada ez da ezkerraren eta eskuinaren artean zatitzen, nazionalisten eta ez-nazionalisten artean baizik, eta testuinguru horretan interesgarria izango da ikustea nola erreakzionatuko duten mende erdiz uhartea gobernatu dutenek. Eskuina izango da mundu zaharra deitzen dutenaren ordezkari bakarra Asanblean, baina indar gutxirekin, 63tik hamazazpi kontseilari izango baititu. Datorren legealdiko oposizioko buru Laurent Marcangelik adierazia du autonomiaren aldekoa dela, baina orain arte ez du zehaztu nolakoa izatea nahi duen, eta bi itzulien artean independentziaren mamua astintzen aritu da.

Oro har, uharteko alderdi jakobinoek ongi interpretatu beharko lituzkete Korsikako egungo joera politikoak, Simeoni gehienei aurreratu baitzaie, eta aurtengo bozetarako zerrenda irekia osatu baitu, ezkerreko eta eskuineko politikariekin; zerrenda horretan izateko baldintzetako bat Korsikaren etorkizunari buruzko ideia batzuk partekatzea izan da, eta horrek agintariari balio izan dio historikoki ezkertiarrak edota eskuindarrak diren herri askotan garaipena lortzeko.

Finean, Parisen aurrean, fronte zabal bat osatu nahi du berriz Korsikako presidente izango denak, mugimendutik haratago joateko; edo, beste modu batera esanda, hori gainditu eta oinarri sendo(ago) bat izateko.

Nazionalistentzat, 2014tik hona arrakastak besterik ezagutu ez dituztenentzat, hurrengo pausoa datorren urteko Frantziako Asanblea Nazionalerako bozak dira; 2017an, hara bidaltzen dituzten lau diputatuetatik hiru eskuratu zituzten, eta, beraz, 2022ko xedea laurak lortzea izango da. Baina hitzordu horren aurretik beste giltzarri bat dago: Frantziako presidentetzarakoak.

Hor ere, interesgarria izango da korsikarren hautuak aztertzea, orain arte boz horietan presidentegai eskuindarrek eta ultraeskuindarrek lortu baitute babesik handiena Korsikan. 2022ko lehian egongo diren alderdien artean, eskuinak lortu du boto gehien biltzea asteotako Korsikako hitzorduan, Marine Le Penena %4an geratu baitzen lehen itzulian, eta Emmanuel Macron presidentearen alderdiak babesten zuen zerrenda, %6tik gertu.

Zer mezu helaraziko diete korsikarrei, bozen lehen itzulian autonomistek botoen %42,41 bildu badituzte, eta independentistek %15,29? Zer mezu helaraziko diote, Simeonik dioen bezala, «eskubide eta ahalbide osoko autonomia» nahi duen uharteari? Korsikako agintari gorena aipatuta: haren babesa lortzea Frantziako 2022ko bozetako hautagaien beste borroketako bat izango da.

Kanpainarako, baten batek iritzia aldatuko al du Korsikako gatazka politikoaz? Autonomiaz, zail dirudi Simeonik ezer lortuko duenik presidentetzarako hauteskundeak igaro aurretik, eta ondoren ere bai, Frantziako estatuburuak ezer onartuz gero parlamentariak ere konbentzitu behar baitira, batez ere Senatukoak.

Agintari autonomistak esana du konforme legokeela Kaledonia Berriak duen sistemarekin; Polinesia Frantsesak duenarekin ere pozik egongo litzateke, ziurrenik. Ea zer dioen etzi, inbestidura bozketako diskurtsoan.

Orain, bide bakarra geratzen zaio mugimendu nazionalistari: Korsikako iritzi publikoa konbentzituta, Frantziakoa konbentzitzea. Horren aurrean, nola erreakzionatuko du Parisek?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.