Aireportutik Kairorako taxiak behar baino diru gehiago eraman zuen. Beltza zen, ez zuen taximetrorik, eta taxilariak apenas zekien ingelesez. Nahikoa, hala ere, iruzurra egiteko —15 euro—, eta triste zegoela adierazteko —Mubarak bota zutelako—. Ironikoa, poza baino ez zuela aurkituko pentsatzen zuenarentzat. Aurreneko taxia zen, eta ez azkena. Arabiar ikastaro azkarra beste honetan; uahed (bat), itnen (bi), talata (hiru), arbara (lau), jamsa (bost)... Zuria zen taxi hau, taximetroduna.
Mubaraken gobernua duela bi urte hasi zen taxien flota berritzeko kredituak ematen —hiru urteko epean itzuli beharrekoa— eta orain nekez eskura daitezke lizentziak. Naser Abdaniak 200 euro irabazten ditu hilean taxi beltzarekin. Egunean hamabi eta hamalau ordu artean aritzen den arren, nekez iristen zaio lau alabei bizitza duin bat emateko. Gremioan hamazazpi urte daramatza inoiz auto propiorik izan gabe —oraingoa lagun mekanikari batena da—, eta taxi zuria izateari uko egin dio erresistentzia keinu gisa —eskuratu ere ezingoluke—. Tahrir plazatik igarotzean klaxona jo eta jo aritzen da, eta ikurra paratu du atzeko leihoan.
Diktaduraren demokraziaz eta askatasun faltaz mintzatu da bidean. Nola poliziak sartu izan diren taxian eta ezer ordaindu gabe atera diren, nola poliziak hartzeari uko egin izan dionean etxean isun bat jaso izan duen, eta nola taxi zurietan ez duten hori egiten, diktaduraren taxiak balira bezala.
AEBen kontra aritzeari ekin dio bat-batean. Diktadurari diru mordoa eman diotela, baina diru horretatik zentimorik ez zaiola iristen herriari. Mubarakek 70 bilioi dolar dituela sinetsita dago—Bill Gatesek omen duenaren bikoitza—. Haren ustez, hildakoen hiria da erregimenak utzi duen ondarerik ankerrena. Hiriburuaren kanpoaldean dagoen hilerriaz ari da; hildakoekin batera bizi dira han egiptoarrak, batzuetan senideen gorpuak ohearen edo sukaldearen azpian dituztela.
Protestak herrialde arabiarretan. Tahrir plazatik
Taxi zurien diktadura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu