Olatz Arrieta
Leku-lekutan

Trumpek irabazten badu...

2024ko apirilaren 7a
05:05
Entzun

Azaroaren 5eko Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidentetzarako hauteskundeetarako berrehun egun baino gehiago geratzen dira. Irailean hasiko dira postaz bozkatzeko bozak bidaltzen; ordurako, errepublikanoen eta demokraten konbentzioak amaituta egon beharko lukete, eta alderdi bakoitzak bere hautagai ofiziala izendatuta izan beharko luke. Gaurko egunez, ezin da erabat ziurtzat jo bozetan Joe Biden eta Donald Trumpen izenak agertuko direnik, eta are gutxiago aurreikusi nor izango den AEBetako hurrengo presidentea. Dena den, «Trumpek irabazten badu...» esaldiarekin hamaika iritzi artikulu idatzi dira jada munduko egunkari gehienetan. Tentazioa handia da eta ni ere tentaldian erori naiz.

Gobernuak hasi dira Trumpen garaipenerako prestaketak egiten. Esaterako, Europako Batzordeak plan bat dauka Trumpek irabazten badu merkataritza alorrean hartu beharreko neurriekin. Plan horren xehetasunak, noski, ez dituzte jakinarazi baina «okerrenerako prestatzeko» omen dira. Aditu gehienek ez daukate zalantzarik: Trumpen bigarren presidentetza lehenengoa baino kaltegarriago izango da Mendebaldearentzat —tartean NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearentzat eta EB Europako Batasunarentzat—.

Mota horretako aurreikuspenen artean dago Foreign Affairs aldizkarian kaleratu duten «Trumpen mehatxua Europarentzat» izeneko artikulua. Artikulu horren egileetako bat, Michael Kimmage da, Barack Obamaren agintaldian Estatu Departamentuan Europako gaietan lanean aritu zena. Idatziak dio lehenengo agintaldian AEBen eta Europako Batasunaren arteko harremanak kolokan jarri ondoren, Trumpen bigarren agintaldian harremanak apurtu egingo dira.

Zaila egiten zait aurreikustea AEBek Europan dituzten enbaxadoreak etxera deitzea, edo munduko bi bloke ekonomikorik handienek elkarri bizkarra ematea. Diru asko dago jokoan, eta negozioak egitea ardatz duen Trumpen pentsamoldearen aukakoa litzateke. Gainera, artikuluaren aburuz, harremanen apurketa horren errua ez da Trumpena bakarrik izango baita Europako Batasunarena ere azken urteotan ez delako nahikoa indartu militarki Trumpen bigarren agintaldirako. EBko 24 kide NATOko kide ere badira, eta Aliantza Atlantikoan ari dira indartzen euren gaitasun militarrak, tartean, AEBetako enpresei arma gehiago erosten ari dira.

Europako Batasunak jarri du dirua bertako enpresa militarrak bultzatzeko, baina inork ez du espero Bruselak Washingtonen negozio egitura kopiatzea eta Europan defentsa ekimen pribatu-publikoa bilakatzea. Trumpek garaipenak eragin zuzena izango luke Ukrainan artikuluaren arabera: Trumpek Ukrainari diru laguntza guztiak mozten dizkionean, Europak ezin izango du zuloa tapatu eta Vladimir Putinek erasoak areagotu eta Ukraina bereganatuko du.

Ondoren, Errusiak Europako beste herrialde bat inbadituko luke, eta gerrarako nahikoa prestatu ez den Europako Batasunak ezin izango luke bere etorkizun geopolitikoa kontrolatu. EBk ez dauka kontrolik bere etorkizun geopolitikoaz, NATOren etorkizun geopolitikoaren barruan baitago. Mehatxurik handiena Trumpek AEBak NATOtik ateratzea omen da. Baina, hori ezin du egin Kongresuaren gehiengo zabalik gabe. Bai ala bai, demokratek alde bozkatu beharko lukete, eta horrek egun ezinezkoa dirudi.

Trump hautagai bada eta irabazten badu, Europako Batasunarekin AEBek dituen harremanek beste astindu bat jasango lukete, tentsioak, merkataritza-gerrak, berpiztuko lirateke ziurrenik. Harremanak apurtuko liratekeela esatea gehiegizkoa dirudi. Trumpek irabazten badu kalterik handienak etxean eragingo lituzke eta kanpora gutxi begiratuko luke barne istiluetan murgilduta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.