Europako Konstituzioaren auziari ze konponbide eman behar zaion aztertzen ari dira Europako Batasuneko buruak Bruselan. Frantziako eta Herbehereetako herritarrek itunari erreferendumean esandako ezezkoek krisia eragin dute EBn. Orain sua nola itzali da kontua, egoera normaltzen saiatzea. Hori aurrekontuei buruzko eztabaidari lotuta dago, ezinbestean.
Atzoko goi bilera hasi aurretik segurutzat jotzen zen ituna berresteko eman beharreko prozesua eten egingo dela, oraingoz, gainontzeko estatuetan. Zalantza bakarra zen etenaldi hori noiz artekoa izango den. Bruselako iturri diplomatikoen arabera, prozesua urtebete atzeratu beharko da, hausnartu eta ekaitza baretzen laguntzeko. Konstituzioa eta Europa hobeto azaltzeko herritarrei. Ituna hobeto saltzeko alegia, ondoren bideari berriro ekiteko.Hala ere, 2006ko amaierarako bukatu behar zen prozesua urtebetean eteteak ez du esan nahi konponbidea derrigor urtebetean etorriko denik. Izan ere, oraindik lortu ez diren baiezkoak legebiltzarretan edo erreferendumetan lortu beharko lirateke urtebeteko etenaldiaren ondoren. Horrek, prozesua normal joanez gero, urte eta erdiko tartea beharko luke, orain arteko planetan aurreikusita zegoen bezala. Dena ondo joanez gero, 2007ko amaieran bukatuko omen litzateke. Omen.Baina 2006an, etenaldiaren ostean,nora jo, nondik hasi berriro? Hortxe dago koska. Frantzia eta Herbehereetan hasi beharko litzateke baiezkoaren bila? Edo gainontzeko estatuetara, Konstituzioa berretsi eta gero pilota Paris eta Hagari pasatzeko? Egiten dena egiten dela, arnasa hartzen utzi beharko litzaieke bi estatuei eta zerbait asmatu geroko bozketetan eskaintzeko.Zuhurtziazko tarte hori ez da nahikoa, baina. Gehiago beharko da. Barne arazoek ere eragingo diote prozesuari, batez ere Frantziari. Parisen diotenez, Jacques Chirac ez dago prest bere agintaldia bukatu arte (2007. urtea) beste erreferendum bat antolatzeko. Maiatzeko bozketako emaitzak kolpe handia izan dira Frantziako presidentearen kontra. Chirac nahiko ahul irten da bozketatik, eta Nicolas Sarkozy Barne ministroa presidentegaia izateko lehian ari da. Beste ezezko bat nagusitzeak Chiracen heriotza politikoa modu are tragikoagoan ekarriko luke.Chiracen agintaldia amaitu arte, beraz, ez da bozketarik izango Frantzian. Baina 2007tik aurrera ere kontuz ibili beharko du Parisek. Arrisku handiegia izango litzateke presidente berriarentzat lehen urtean bozketa egitea. Ez da haren lehentasuna izango. Europaren presioa izango balu ere, ondo neurtu beharko lituzke ondorioak. Soilik barne egoera baretuan joko luke herritarrengana. Prozesua normal eta ezustekorik gabe joanez gero, Frantziak ez luke 2008a edo 2009a arte egingo Europako Konstituzioa berresteko bozketa.Herbehereetako kasua ere hor dago. Hango herritarrak ez daude pozik EBk haien poltsikoei eragiten dien zama ekonomikoaz. Horretaz kexatu dira bozketan. Egunotan Bruselan egiten ari diren bileran aurrekontuentzat diru gehiagorik ez emateko borrokan ari da Haga. Borroka horretatik irabazle izanez gero, gobernuak zerbait eskain liezaieke herritarrei, bigarren bozketa abiatu aurretik. Orduan, eta soilik orduan, egingo litzateke bozketa Herbehereetan.
ANALISIA
Urte bat, urte bi...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu