Iñigo Bilbao Sagastiberri.
LEKU-LEKUTAN

Xochitl Galvez, arraza disforia edo ukitu epikoa?

2023ko urriaren 10a
00:00
Entzun
«Sheinbaum bulgariar judua da, Ebrard fifi (aberaskume) frantsesa, Noroña estralurtarra eta Adan Augusto Transilvaniakoa. Xochitl da mexikar bakarra!». Vicente Fox Mexikoko presidente ohiak halaxe arbuiatzen zituen gobernuaren aldekoek datorren urteko hauteskundeetako balizko hautagaia aukeratzeko antolatu zuten prozeduran parte hartu zutenak, eta, bide batez, goraipatu egiten zuen oposizioaren hautagaia, bere zinezko mexikartasuna azpimarratuz. Boutade ederra, bai, agerian uzten zuena, hain zuzen, mexikarren chauvinismo eta xenofobia. Oposizioak Xochitl Galvez senatariaren aldeko apustua egin izanak hautsak harrotu ditu, eta hizpidera ekarri du mexikartasunaren eta, batez ere, indigena izatearen gaineko eztabaida.

Mexikon, 25 milioi pertsona inguruk aitortzen dute beren burua indigenatzat, eta horietatik zazpi milioi pasatxok baino ez dute hitz egiten arbasoen hizkuntza. Hala da, batik bat, guraso askok ez dietelako seme-alabei ama-hizkuntza irakasten, eta nahiago dute umeek gaztelania ikasi dezaten bakarrik, eurek jasan zuten diskriminazioa saihesteko. Eta ez da gutxiagorako. Indigenek, Mexikon, aurreiritzi eta estereotipo ugari jasaten dituzte: txiroak direla, eskolagabeak eta ezjakinak direla, edota ez dutela batere klaserik entzun behar izaten dute. Horrenbestekoa da jasaten duten bereizkeria, ulertzekoa dela nork bere izate indigena ukatzea, indigenak izanik.

Horregatik da benetan harrigarria oposizioaren izenean presidente izan nahi duen emakumeak, Xochtil Galvezek, bere ustezko jatorri indigena publikoki aldarrikatzea, eta hori baino harrigarriagoa, hedabide nagusiek babestea. Antza, senatariaren aitona Amador, igeltseroa ogibidez, otomieraz mintzo zen. Ezagutu zutenek diotenez, baina, espainoldua zen erabat gizona. Garaia omen zen, biboteduna, eta begi argikoa. Antzekoa dugu iloba. Ikusi eta, soinean eraman ohi duen alkandora da kutsu indigena duen gauza bakarra.

Zer gertatu da? Bada, oposizioak Andres Manuel Lopez Obrador presidentearen mugimendua ezkerretik gainditzeko aukera baliatu nahi duela, profil berdin edo ezkertiarragoa duen hautagaiaren bidez. Hitz bitan, sua suaren kontra. Erokeria? Oposizioak narratiba osoa asmatu du: Galvez, etxe behartsuan jaioa, auzokoei litxarreriak salduz lortu zuen eskolaratu eta ikastea, eta, bizitzaren zailtasun oro saihestuz, azkenean enpresari arrakastatsu, eta oso-oso aberats bihurtu den emakumea da, presidentetzara iristeko aukera duena, gainera.

Diskurtso horren bidez, eskuinak muturrean eman nahi dio presidenteari, Lopez Obradorrek erdiko klaseari egin izan dizkion kritikengatik. Presidenteak handinahikeria egotzi die estuasun gorrian bizi ez direnei. Zaku berean sartu ditu guztiak, tradizioz eskuinari lotuta egon diren katoliko amorratuak, baina baita hainbat hamarkadatan borrokan bidaide izan zituen intelektualak eta progresista asko ere. Oposizioak bere magalera eraman nahi izan ditu horiek guztiak. Plan con maña, mexikarren atsotitza, iruzurra amarruarekin, alegia. Erdiko klasearen defentsan, benetan pentsatzen dutena atera zaie, pobrea nahi duelako dela pobre. Galvez bera dute argibide eta lotsarik gabe esaten dute ahalegintzen den oro, benetan ahalegintzen bada, nahi duena lor dezakeela bizitzan. Eta Xochtil Galvez emakume indigena izateak, bestalde, ukitu epikoa ematen dio kontakizun honi.

Guztiorrek presidentearen gogaideak asaldatu ditu, noski. Sutan daude. Kultura desjabetzean oinarritutako arraza disforia egotzi diote oposizioaren hautagaiari. Klasearena ere bai, jakina. Arerioek gogortasun berarekin erantzun dute eta halxe salatu: «Auzo-lotsa! Arrazakeriaren etsaiak indigena nor den, eta nor ez, ebazten».

Bitxiena? Legearen Arabera, behinik behin, arrazoi dutela Galvezen jarraitzaileek: Xochitl Galvez indigena da bere burua indigenatzat hartzen badu, hori dio-eta araudi ofizialak. Gobernuak populazio-erroldak egiten dituenean, ez du DNA laginik eskatzen erantzuten dionaren arraza-purutasuna ezagutzeko. Ez da bere janzkeran edo hizkeran oinarritzen. Indigenatzat hartzen ditu beren burua horrela aitortzen dutenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.