italia

Anarkista talde batek bere gain hartu ditu Erromako leherketak

"Gure ahotsa hitzarekin eta ekintzekin entzun dadila erabaki dugu. Domeinu sistema hautsi dezagun", dio Federazio Anarkiko Informalak. Bi lagun zauritu ziren Suitzak eta Txilek Italian dituzten enbaxadetan bonbek eztanda egitean.

2010eko abenduaren 24a
16:32
Entzun
Federazio Anarkiko Informalak bere gain hartu ditu atzo Suitzak eta Txilek Italian dituzten enbaxadetan izandako leherketak. Bi lagun zauritu ziren atentatuetan, eta haietako batek zeukan kaxa batean aurkitu du Italiako Poliziak anarkista haien aldarrikapen testua.

"Gure ahotsa hitzarekin eta ekintzekin entzun dadila erabaki dugu. Domeinu sistema hautsi dezagun. Gora anarkia!", dio idatziak, Poliziak gaur jakinarazi duenez. Grezian, Txilen, Mexikon, Espainian, Argentinan eta beste zenbait lekutan "borrokan ari diren kideei elkartasun iraultzailea" igorri die.

Suitzako enbaxadan postaz bidalitako pakete bat zabaldu zuen atzo langile batek, eta eskuetan larri zauritu zuen leherketak. Artatzaileek zehaztu dute bizia galtzeko arriskurik ez duela baina esku bateko zein bietako hatzak gal ditzakeela. Txileko enbaxadan Suitzakoan izandako leherketatik hiru ordu laurdenera jazo zen eztanda; han ere pertsona bat zauritu zen, baina arin.

Federazio Anarkiko Informalak 2003an egin zuen bere lehen erasoa; Romano Prodi Italiako Gobernuko presidente ohiari bonba bat bidali zion pakete batean.

Atzo Roberto Maroni Barne ministroak zioen "ekintzaile anarkisten arrastoa" aztertzen ari zirela. Suitzan, izan ere, ustezko hiru ekintzaile anarkista atxilotu zituzten urrian, multinazionalen aurkako atentatuak prestatzen ari zirelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.