GINEA BISSAU

Anarteko aginte baten eratzeko asmoa agertu du junta militarrak

Erredakzioa
DONOSTIA
2003ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Joan den asteburuan, Ginea Bissauko Kumba Yalla presidentea agintetik botata, botereaz jabetu diren militarrek «anarteko kontseilu nazional bat» eratzeko asmoa azaldu zuten atzo. Horretarako, Ordena Konstituzionalaren Berrezartzeko Batzorde Militarrak (CMROCD) «alderdi politikoetako, gizarte zibileko, justizia aginteko eta tokian-tokiko buruzagietako zein erlijio agintarietako ordezkariei bilera batean parte hartzeko deia» egin zien atzo zabaldutako agiri batean

CMROCD 32 agintari militarrez osatuta dago eta buruan duen Verissimo Seabra Correia jeneralak jakiterat eman du bera zela Ginea Bissauko presidente egongo, zibil batek zuzendutako anarteko gobernu bat eratuta izan arte. Gobernu horren zereginetatik bat hauteskundeak prestatzea izango dela zehaztu zuen Seabra Correiak.

Egoera lasaia Bissaun

Urtearen hasieraz geroztik, lau aldiz atzeratu diren hauteskunde hauek, hain zuzen, datorren urriaren 12rako finkatuak ziren, baina boz horien antolakuntzaz ardura zuen bozketa batzordeak jakinarazi zuen, joan den ostiralean, ez zela «teknikoki prest» izango ordurako. Gertaera honek, ziur aski, aitzakia eman zien militarrei boterea hartzeko.

Odol isurketarik gabe egin den estatu kolpe honek ez du, antza, emozio berezirik eragin Ginea Bissauko herritarrengan. Hortaz, egoerak lasai zirudien atzo Bissau hiriburuko kaleetan, etxean geratzeko agindua bertan behera utzia izan zelarik atzo goizean 06:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.