kataluniako prozesu subiranista

ANC: "Galdeketa babestuko dugu, baina batasun politikoa eta hauteskundeak eskatzen ditugu"

'Ara és l'hora' kanpainaren sustatzaileek agerraldia egin dute Bartzelonan.

'Ara és l'hora' kanpainaren sustatzaileen ekitaldia. TONI ALBIR / EFE
Maite Alustiza.
2014ko urriaren 19a
12:06
Entzun

Ara és l'hora kanpainako sustatzaileek, Omnium Cultural eta ANC Kataluniako Biltzar Nazionalak, azaroaren 9rako deitutako kontsulta babestuko dute, baina bi eskaera nagusi egin dizkiote Artur Mas Generalitateko presidenteari: batasun politikoa eta hauteskundeak -hiru hilabete baino lehen-. Bartzelonan egin dute ekitaldia, Katalunia plazan. Jendetza bildu da; 110.000 lagun, Bartzelonako Udaltzaingoaren arabera.

Muriel Casals Omniumeko presidenteak eskerrak emanez hasi du agerraldia. "Hunkigarria izan Ara és l'hora kanpainako boluntarioak lanean ikustea; mila esker". Kataluniako "demokrata" guztiei ere eskerrak eman dizkie, demokraziaren eta askatasunaren aldeko jardunagatik. "Bai Kataluniari, bai herrialde hobe bati, bai etorkizunari, bai independentziari", esan du.

Onartu du alderdien aldetik ez dutela espero zutena jaso; "bidearen amaierara arte" elkarrekin joatea espero zuten. "Eta espero dugu", gaineratu du. Negoziazioei berriro ekiteko deia egin die, aurretik zuten adostasunera itzultzeko: "Berriro mahai berean eseritzea eskatzen dizuegu. Herrialdeak merezi du".

Horrekin batera, berretsi du azaroaren 9an bozkatu egingo dutela. "Independentziara doan bidea etxera bueltarako bidea da". Casalsen arabera, galdeketaren eguna hauteskunde plebiszitario batzuekin osatu behar da; prozesuaren hiru ardatz aipatu ditu: "Batasuna, hautetsontziak eta independentzia".

Carme Forcadell ANCko presidenteak nabarmendu du "bide luzea" egin dutela, eta "amaierara arte" iritsiko direla. "Egia da hau ez dela nahi genuen kontsulta, baina onartu egingo dugu". Alderdiei erantzukizuna hartzeko eskatu die, eta erakus diezaietela bozkatu dituztenei haien ordezkari "duinak" direla.

Casalsek egin bezala, hauteskundeak eskatu ditu: "Presidente, hauteskundeetara dei ezazu. Hiru hilabete baino lehen bozkatu nahi dugu, parlamentu berri bat osatzeko". "Gora Katalunia askea" esanez amaitu du agerraldia Forcadellek.

Ekitaldiaren hasieran, hainbat lagunek Kataluniako Parlamentuak onartutako burujabetza adierazpenaren hainbat atal irakurri dituzte. Jarraian, Ara mateix poemaren irakurketa egin dute, pianoaren laguntzaz.

Plazara bertaratutakoen artean, berriz, batasunaren aldeko oihuak entzun dira behin baino gehiagotan, eta eskaera hori zeramaten kartel ugari ikusi dira, baita azaroaren 9ko galdeketaren aldekoak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.