KATALUNIA

ANCk dio independentzia prozesuan egutegi bat zehaztu beharra dagoela

Artur Mas Generalitateko presidenteak ANC Biltzar Nazional Katalaneko ordezkariak hartu ditu, independentziaren aldeko manifestazioaren ondotik gogoeta politikoak partekartzeko. 

2012ko irailaren 14a
17:58
Entzun

ANC Biltzar Nazional Katalanak berretsi du azkeneko helburua independentzia dela eta egutegi bat zehazteko beharra nabarmendu du, "prozesu horrek ezin duelako asko luzatu". Artur Mas Kataluniako Generalitateko  presidenteak ANCko ordezkariak hartu ditu, independentziaren aldeko manifestazioaren ondotik gogoeta politikoak partekartzeko.

Carme Forcadell ANCko presidentea pozik agertu da Masek Diada eguneko mobilizazioaren aurrean erakutsi duen jarreragatik, eta Generalitateko presidentea Katalunia Europako hurrengo Estatua izan dadin lanean ari dela uste dute. Gobernuak egoeraren aurrean erantzuten jakin duela adierazi du Forcadellek. 

Ildo horretan, Masek independentziarako bidea egiten duen bitartean ANCren babes osoa izango duela adierazi dute ordezkariek. "Proiektu horretan elkarlanean aritu behar dira gobernua, udalak eta gizartea". Datorren hilabeteetako egutegiari begira, Forcadellek azaldu du gertaeren abiaduraren arabera, norabide orria aldatu daitekeela; "bereziki hauteskundeak aurreratuko balira". Hala balitz, bozetatik ateratzen den Parlamentua herrialdea independentziara eramango duena izan behar duela esan du. 

Francesc Homs Generalitateko bozeramaileak labur hitz egin du, eta adierazi du kontutan izango dituztela ANCk egindako planteamenduak. Beti ere, "zuhurtasunez" lan egingo dutela nabarmendu du. Homsek esan du Masek zoriondu egin dituela ANCko ordezkariak, iragan ostiraleko manifestazioak izandako arrakastagatik. "Gure sentsazioa da Espainiak bere inguruan jazo diren gertaerak aztertu gabe jarraitzen duela, eta beraz, aukera guztiak ditu hartzen dituen erabakietan hanka sartzeko", azaldu du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.