Ez da ustekabe handirik espero gaur Hegoafrikan egingo diren bozetan: ANC Afrikako Kongresu Nazionala berriz ere garaile aterako dela diote inkestek nahiz adituek. Itxura guztien arabera, ANCk botoen hiru herenak eskuratuko ditu berriz, eta zenbait inkestari jarraiki, botoetan gora egingo du herrialdean egun agintzen duen alderdiak. Hortaz, ziurtzat eman daiteke Thabo Mbekik presidente segituko duela, beste bost urterako.
Legebiltzarreko 400 diputatu hautatuko dituzte gaur. Behin Legebiltzarra osatuta, horrek presidente berria izendatuko du. Horrez gain, bederatzi probintzietako legebiltzarretarako diputatuak aukeratuko dituzte hegoafrikarrek. Berorietatik Legebiltzar nagusiko bigarren ganbera den Probintzietako Kontseilu Nazionala aterako da, 90 ordezkariz osatua. Gehienbat zuluek sostengatzen duten IFP Askatasunaren aldeko Inkhata Alderdiko buru Mangosuthu Butelezik Mbekiren gobernuan Barne ministroa da salaketa gogorrak egin ditu egunotan ANCren aurka. KwaZulu Natal probintzian hainbat hilketa izan dira asteotan eta Armadak zein Poliziak segurtasun neurriak zorroztu dituzte. Kide eta jarraitzaileen gehiengoa xhosa duen ANCko buru Mbekik, ordea, Butheleziri egotzi dio indarkeriaren erantzukizuna.Halere, indarkeria gelditzeko bake itun moduko bat sinatu zuten joan den igandean ANCk, IFPk eta beste zazpi alderdik. Ez da lehen aldia bertan etnia zuluaren eta xhosaren artean borroka odoltsuak gertatzen direna. 1980ko hamarkadaren bukaeraren eta 90ekoaren hasieraren artean 10.000 pertsona baino gehiago hil zituzten.
Bi probintziatan, lehia
Borrokak borroka eta akordioak akordio, lehia hauteskundeetakoabi probintziotan izango da: KwaZulu Natalen eta Mendebaldeko Lurmuturrean.
KwaZulu Natalen gehiengoa dira zuluak eta IFP. Horrek ANCren sostenguarekin gidatzen du bertako gobernua. Han ANCko ordezkariak parte hartzearen truke Pretoriako gobernuan IFPko buru Buthelezik hartzen du parte, Barne ministro gisa. Baina ANC KwaZulu Natalen nagusituko balitz, ikusi beharko litzateke ea Pretorian Buthelezi mantenduko lukeen. Hegoafrikako etniarik handieneko ordezkari bat gobernutik at uzteak bere arriskuak dituela uste dute adituek.Mendebaldeko Lurmuturrari dagokionez, Apartheid garaian Hegoafrika gobernatu zuen Alderdi Nazionala egun, NNP Alderdi Nazional Berria da nagusi. Alabaina, han ere ANCren babesa du probintziako gobernuak, aliantza moduan.Duela urtebete pasatxo, oposizioko alderdi nagusi DA Aliantza Demokratikoarekin zuen ituna hautsi eta ANCrekin hitzarmena egin zuen NNPk, Pretorian eta Mendebaldeko Lurmuturrean agintean egoteko. Itunkide aldaketa honela azaldu zuen NNPk: «Gutxiengoek, hots, zuriek, mestizoek eta indiarren ondorengoek, Gobernuan ahotsa izango dutela ziurtatzeko egin dugu».Apartheidaren aurkako beltzak sistema hura bultzatu zuten zuri afrikanerrekin kolono holandarren ondorengoak aliatuta daudelarik, Apartheidaren kontrako kolono ingelesen ondorengoek DA sostengatzen dute bereziki.Izatez neoliberala, zenbait hautagai beltz eta programa irekiagoa dauka egun DAk. Halere, zuri eta goi klasekoen alderditzat jotzen dute haren kritikoek. Dena den, hiesari aurre egiteko botika erretrobiralak dohainik banatuko dituen promesa oso ondo hartu du arlo horretan arazo latza duen herriak. Ikusiko da botoetan islatzen denetz.
HEGOAFRIKAKO HAUTESKUNDEAK
ANCk probintzia orotara hedatu nahi du Pretoriako nagusitasuna
Mbeki presidentearen alderdia faborito da Legebiltzar nagusirako eta bederatzi probintzietatik zazpitarako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu