Legebiltzarrerako hauteskundeetako lehen zenbaketaren arabera (%33 zenbatuta), Afrikako Kongresu Nazionalak (ANC) segituko du Hegoafrika gobernatzen, botoen %66,67 lortu dituelako. Hau da, zenbatu diren 7,2 milioi botoetatik 5,1 milioi izan dira ANCrentzat. Duela hamabost urtetik, Hegoafrikan apartheid aginte arrazista kendu eta demokrazia ezarri zutenetik, agintean izan da ANC. Jacob Zuma aurkeztu du orain zerrendaburu. Kgalema Motlanthe (ANC) izan da azken legealdian presidentea.
2004ko apirilean egin zituzten aurreko hauteskundeak, eta Parlamentuko 400 eserlekuetatik 279 bereganatu zituen ANCk, botoen %69,69 eskuratuta. Nelson Mandela Hegoafrikako aurreneko presidente beltza izandakoak haren aldeko botoa ematera deitu zituen herritarrak.
Iazko abenduan alderditik alde egin zuten kide batzuek, eta Herriaren Kongresu Berria (COPE) eratu. Ez dute lortu, itxura denez, kalte handirik egiterik ANCri. %7,86ko babesa izan du COPEk eta hirugarren tokian da.
Oposizioko alderdi nagusiak, Aliantza Demokratikoak (DA), bozen %16,25 lortu ditu atzoko hauteskundeetan, orain arteko datuen arabera (azken legealdian %12,5eko babesa zeukan). Beste alderdi denek %3tik beherako sostengua eduki dute.
Zuma ANCko buruak pobreziari aurre egitea bere lehentasuna izango dela adierazi du kanpainan. "Politika egokia pentsatu eta gauzatu beharko da gure herrialdeak pairatzen dituen arazoei irtenbideak emateko, horietarik premiazkoena pobrezia deuseztatzea da". Hegoafrika herritar "guzti-guztiena" dela ere argi utzi nahi izan du. "Zuri, beltz eta gainontzeko guztiena; bat eginda jokatu behar dugu arrazakeriarik gabeko nazio bat eraikitzeko".
Bihar jakinaraziko dituzte behin betiko emaitzak. 23 milioi herritarrek izan dute botoa emateko eskubidea. Kalkuluen arabera, parte-hartzea %80koa izan da.
MunDUA
ANCk segituko du Hegoafrikako agintean, gehiengo osoarekin
Afrikako Kongresu Nazionalak botoen %66,67 lortu ditu Legebiltzarrerako hauteskundeetan, lehen datuen arabera, eta Jacob Zuma izango da presidente berria. ANCk agindu du azkeneko hamabost urteetan. Bihar jakinaraziko dituzte behin betiko emaitzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu