Emakumeen eskubideen auzitegiak

Andreen epaia

Genero bortxakeriaren biktimei sarri ez zaizkie aitortu giza eskubideen arloan jasaniko urraketak. Hori salatu eta justizia beste bide batetik egiteko sortu ziren emakumeen auzitegiak, sinbolikoak bezala eraginkorrak.

Emakumeen Eskubideen Auzitegia egin zuten Bilbon ekainaren 7 eta 8an.
Ainhoa Sarasola.
2013ko abenduaren 8a
14:26
Entzun

"Justizia nitaz ahaztu zen. Ez nazazu zuk ahaztu". Kolonbiako argazki batean ageri da esaldia, gurutze beltz batean zuriz idatzia, eta aldamenean emakume bat negarrez, aurpegia eskuekin estaliz. Izan zitekeen munduko beste edozein bazter, emakumeen aurkako indarkeria nonahi izan baita eta izaten da gaur egun, baita halako giza eskubideen urraketen inpunitatea ere. Horri buruz ohartarazteko ez ezik, biktima horiei bere herrialdeak eman ez dien justizia, egia eta erreparazioa aitortzeko bide bat topatu zuten emakumeek duela hogei urte: emakumeek eurek auzitegi bat antolatzea. Ordutik, hainbat herrialdetan egin dituzte emakumeen eskubideen aldeko auzitegiak, haien giza eskubideak ez direla betetzen salatu, eta errealitate hori ikusgarri egiteko. Sinbolikoak dira haien epaiak, baina ez gizartean duten eragina.

Vienan egin zen lehen aldiz emakumeen eskubideen inguruko auzitegi bat, 1993an, NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Batzordearen bilera baliatuta. Esperientzia horren nondik norakoak jaso zituzten Charlotte Bunch eta Niamh Reillyk, AEBetako Emakumeen Lidergo Globalerako Zentroko ordezkariek, Demanding Accountability: The Global Campaign and Vienna Tribunal for Women's Human Rights liburuan (Erantzukizunak eskatzen: kanpaina globala eta Emakumeen Giza Eskubideen Vienako Auzitegia). Izan ere, liburuan jasotzen dutenez, zentro horretan erein zen Vienako auzitegiaren eta aurretik mundu osoan eginiko kanpainaren hazia. Bi egileek parte hartu zuten antolaketan.

NBEren Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala onartu eta hurrengo 40 urtean, eskubide horiek betetzeko, giza eskubideen aldeko eragileek pausoak ematea lortu zuten hainbat alorretan. Lorpen horiek emakumeei ere eragin zieten, baina, ikuspegi global horretan, emakumeei berariaz urratutako giza eskubideak estalita geratzen ziren. Hala, Emakumeen eskubideak giza eskubideak dira leloarekin, errealitate hori ikusaraztea hartu zuten xede emakume talde eta eragile ugarik.

Auzitegiaren prestaketa

90eko hamarkada hasieran egin ziren ahalegin horiek bateratzeko aurreneko saioak. Hala, 1991n, Emakumeen Lidergo Globalerako Zentroak bilera batera deitu zituen New Yorken bizi ziren hainbat herrialdetako emakume, giza eskubideen arloan zein unibertsitatean lan egiten zutenak, eta lantaldea osatu zuten. Handik atera zen 16 Egun kanpainaren ideia, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna (azaroak 25) eta Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna (abenduak 10) elkartzeko —hurrengo urtean ere egingo zena—. Kanpainaren mezu nagusia izan zen NBEri eskatzea genero indarkeria giza eskubideen urraketa larritzat jotzeko. Tokian tokiko lanketaz gain, eskaera mundu osora zabaldu zuten milatik gora eragilek, 23 hizkuntzatara itzulita. Vienako bilkura hasterako, bilduak zituzten 124 herrialdetan milioi erdi sinadura, eta, liburuaren autoreek diotenez, Vienako Giza Eskubideen Batzordearen bilera ere aldarrikapena zabaltzeko "bitarteko natural" bihurtu zitzaien.

Tokian-tokian, eskualde mailan nahiz globalki, mundu osoko eragileek hainbat dokumentu idatzi eta partekatu zituzten urte haietan, adostasun puntu batzuk zehaztu eta Vienan aurkezteko. Halaber, hainbat nazioarteko bilera ere egin ziren —Tunisian, Argentinan eta Thailandian kasurako—, auzia eztabaidatzeko. 1993ko otsailean, ordezkaritza bat berriro bildu zen New Yorken, Vienako ekimenak zehazteko eta, bereziki, auzitegia prestatzeko. Hainbat erakundek jardun zuten prestaketetan, baita gobernuen agendetan auzia sartzea eragin asmoz ere; tartean, CLADEM Emakumeen Eskubideen Defentsarako Latinoamerika eta Karibeko Batzordea, Emakumeen Giza Eskubideen Asiako Kontseilua eta Giza Eskubideen Nazioarteko Elkarte Juridikoa. Aldi berean, herrialde askotako emakumeen giza eskubideen urraketen kasuak bildu eta dokumentatzen jardun zuten emakumeek.

Auzi saioen hasiera

Aurreko lan horrek eman zion bide 1993ko ekainaren 15ean egin zen Emakumeen Giza Eskubideen Urraketen Auzitegi Globalari, urteetako kanpainaren amaiera gisa. NBEren Vienako biltzarraren gobernuz kanpoko jarduera paraleloen artean kokatu zen, gobernuei gaiari heltzeko dei zuzena egiteko. Bertan komunikabide ugari ere bilduko zirela aprobetxatu nahi zen, aldarri horiek gobernuburuei ez ezik, mundu osoari zabaltzeko. Eta aldarri nahiz helburuen artean, hauek jarri zituzten antolatzaileek: giza eskubideak aitortzeko emakumeek dituzten oztopoak salatzea; ezkutuan geratu ohi diren urraketak ikusaraztea, gatazketakoak, adibidez; emakumeen giza eskubideak ere unibertsalak direla berrestea; eta urraketa horien genero bereizgarria aitortzea, besteak beste. Azken batean, genero indarkeria giza eskubideen urraketa gisa aitortzea zuen xede; alegia, emakumeen eskubideak giza eskubide gisa ikustaraztea.

Mundu osoko 33 emakumeren lekukotasunak entzun ahal izan ziren auzitegian, garapen bidean ziren herrialdeetakoak nahiz ustez garatuetakoak, han egon ezin zuten beste milaka emakumeren ordezkari gisa. Herrialde, gai, erlijio, arraza, etnia, klase sozioekonomiko zein sexu aukeren aniztasuna aintzat hartuta, 25 herrialdetako 33 emakume hautatu zituzten. Hitza hartu zuten; zuzenean batzuek, zeharka, abokatu batek ordezkaturik, beste batzuek. Haien testigantzak, berriz, gai jakin batzuetan taldekatu zituzten, NBEri ikusarazi nahi zizkioten erronken arabera.

Hala, bikotekide edo aiten eskutik indarkeria jasan izan zuten Austria, Brasil, Costa Rica, Pakistan, Uganda eta AEBetako hainbat emakumek eman zuten testigantza lehen saioan. Jarraian, hainbat lekukok mahai gainean jarri zuten Japonian II. Mundu Gerran eta, ondoren, Palestina, Peru, Somalia, Jugoslavia eta Errusian gerra krimenen biktima izandako emakumeen errealitatea. Emakumeen gorputz osotasunaren aurkako urraketen artean, besteak beste, giza trafikoaz, sexu esplotazioaz, mutilazio genitalaz eta ugalketa eskubidearen kontrolaz hitz egin zuten Kanadatik, Herbehereetatik, Nikaraguatik, Sudandik eta Perutik joandakoek. Emakume etorkinek, indigenek, pobrezian bizi direnek eta mundu osoko langileek izaten dituzten urraketa ekonomikoen lekukotzak ere entzun ziren, Bangladeshko, Barbadosko, Cabo Verdeko, Filipinetako eta AEBetako emakumeen eskutik. Eta genero arrazoiengatiko jazarpen eta diskriminazio politikoaren adibideak ere entzun ziren auzitegiaren aurrean, Hego Afrika, Costa Rica eta Txiletik iritsitakoak.

Bertan bildutako guztiek bezala, adi entzun zituzten lekukotzak epaimahaikideek. Haiek aukeratzeko, irizpidetzat hartu zuten emakumearen egoera hobetzearen alde konpromisoa agertzea, giza eskubideen auzian eskarmentua izatea, eta nazioartean eragin handikoa izatea. Bi emakumek eta bi gizonek osatu zuten: Gertrude Mongella NBEren emakumeari buruzko laugarren konferentziako idazkari nagusiak; Justice P.N. Bhagwati Indiako Gorte Goreneko presidente izandakoak; Ed Broadbent Montrealgo Giza Eskubideen eta Garapen Demokratikoaren aldeko Nazioarteko Zentroko buruak; eta Elizabeth Odio Costa Ricako Justizia ministro eta NBEren torturaren aurkako komiteko kideak.

Egun oso batez, seiehun lagunen aurrean, testigantzak aletzen joan ziren 33 emakumeak. Parte hartzaile guztiek bazekiten beren kasua agertzeak ez zuela legezko eta betearazlea izango zen epairik ekarriko. Haatik, denek argi zuten emakumeen eskubideen aldeko mugimendu poilitiko zabalago bati ekarpena egiteko balio zuela, eta entzuleen babesa eta elkartasuna sumatu zuten denek.

Haiei entzun ostean, zer hitzarmen urratu ziren aztertu eta ebaluatu zuten epaileek, eta, genero ikuspegitik, urraketak berriro ez gertatzeko gomendioak landu zituzten, hainbat abokaturen aholkularitzarekin. Kasu bakoitzari erantzuna eman zioten, baita azken adierazpen edo epai bat idatzi ere. Epaia ere sinbolikoa zen, legez ofizialtasunik gabea. Baina horrek, emakumeen testigantzekin batera, mundu osoan emakumeen eskubideak giza eskubidetzat aitortzeko ideia zabaltzen eta ulertarazten lagundu zuen.

NBEk auzitegiaren hainbat gomendio onartu zituen, eta lehen aldiz ofizialki onartu zuen emakumeen aurkako indarkeria giza eskubideen urraketa gisa.

Vienatik mundura, baita Euskal Herrira ere

Ordutik, herrialde askotan egin izan dira emakumeen eskubideen inguruko auzitegiak: sinbolikoak, etikoak, kontzientziazkoak... izen bat hartu dute tokian-tokian, eta bere berezitasunak izan ditu bakoitzak. Filosofian eta zenbait ezaugarritan, ordea, bat datoz denak. Ezaugarrietako bat da salaketa ideologikoa edo politikoa baino gehiago, ikuspegi juridikoa jorratzen duela gehienbat, eskubideak jartzen baititu erdigunean. Badu beste balio bat: "Gizarte zibilarentzako eta gizarte mugimenduentzako tresna bat dira, ikusgarri egiten baititu eskubide urraketak", Joana Etxano Mugarik Gabe elkarteko kidearen esanetan. Euskal Herrian, iragan ekainean egin zuten Emakumeen Eskubideen Auzitegia, Viena+20. Euskal Herria 2013 izenburupean, Bilbon, Mugarik Gaberen eta beste 23 elkarte eta sindikaturen ekimenez.

Haren aurretik ere, izan zen prestaketa lanik. 2010ean, Patriarkaturik gabe denok jabe kanpaina hasi zuten, hamaika egitasmoren bidez "genero indarkeriaren ikuspegi globala" emateko eta sentsibilizazioa lantzeko. Horren barruan kokatu zuten auzitegiaren ideia. Latinoamerikan egindako esperientziak aztertu zituzten elkartekoek. "Hemen ez da tresna hau askorik erabili, baina urteak dira beste herrialde askotan halakoak egiten dituztela". Hala, urtebete lehenago, topaketa egin zuten Guatemala, Mexiko, Kolonbia eta Costa Rican eginiko lau auzitegitan parte hartu zuten lau emakumerekin. "Bakoitzak rol bat jokatu zuen: fiskala izan zen bat, bestea aholkulari, epaimahaikide...". Hainbat instituzio publikorekin bilera egiteko ere baliatu zuten lau emakumeen bisita. Aldi berean, Euskal Herriko emakume talde eta eragileen arteko bilerak hasi zituzten, denen artean erabakitzeko auzitegiaren helburu eta ardatz nagusiak.

Hiru helburu zehaztu zituzten, Etxanok azaldu duenez: berdintasunik eza indarkeria iturri dela ikusaraztea; sistema politiko eta judizialaren ikuspegi androzentrikoa salatzea; eta mugimendu feminista eta emakumeen ahalduntzea sustatzea. Auzitegian epaitzeko hiru auzi nagusi hautatu zituzten: abortatzeko eskubidea, indarkeriarik gabe bizitzeko eskubidea, eta bizi maila duina izateko eskubidea. Eta erabaki zuten, Euskal Herrikoak ez ezik, Espainia, Kolonbia, El Salvador eta Guatemalako kasuak jasotzea.

Hala, bi egunez, hiru gai horien inguruko epaiketa egin zen. Egitura berari jarraitu zioten kasu guztietan: aditu batek gaiari buruzko txostena aurkeztu zuen lehenik, hainbat emakumek kasu jakinen testigantzak gero, eta fiskalak zigor eskaera eta gomendioak argudiatu zituen bukatzeko. Epaimahaiak —giza eskubideetan adituak diren kideek osatua— ebazpena egin eta hainbat gomendio eman zituen kasu bakoitzean, eta, ondoren, ohorezko lekuko gisa joandako hainbat lagun ezagunek izenpetu zituzten. Hainbat instituziotako ordezkariek osatutako begirale taldea ere izan zen, auzitegia babesteko.

Halako esperientzia baten alde sinbolikoa nabarmendu du Etxanok: "Beren bizipenez, gertakari errealez, testigantza eman duten emakumeak izan dira, eta gogorra izan da haientzat; beraz, haiekiko aitortza elementu sinbolikoak behar ziren, lekukotza ematen zuten horiek indartuta atera zitezen bertatik". Haren ustez, esperientziak utzi du ondorio positiborik, eta jarraipena emateko aukerak ere bai. Batetik, auzitegiaren inguruko informazioa zabalduz; bestetik, azken ebazpena politikoki eragiteko tresnatzat baliatuz; eta, azkenik, emakume taldeen arteko elkarlana sustatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.