New York

Andrew Cuomok agur esan dio hamar urtez izandako karguari

New Yorkeko Gobernadore ohiak abuztuaren 10ean eman zuen dimisioaren berri, 11 emakumek sexu abusuak egitea egotzi ondoren. Lehen aldiz emakume batek hartu du kargua.

Andrew Cuomo New Yorkeko gobernadore ohia, artxiboko argazki batean. SPENCER PLATT / EFE
maddi iztueta olano
2021eko abuztuaren 24a
12:46
Entzun

Azken bi asteotako anabasa politikoaren eta mediatikoaren ostean, New Yorkeko gobernadore Andrew Cuomok kargua utzi zuen atzo. Zapore gaziarekin eman zion agurra hamar urtez izandako karguari; izan ere, sexu abusuekin lotutako salaketek behartu dute paisaia politikotik urruntzera.

Iragan abuztuaren hamarrean eman zuen Cuomok dimisioaren berri, New Yorkeko fiskal nagusi Letitia Jamesen bulegoak haren inguruko txostena argitaratu ondoren: hamaika emakumek Cuomoren aurkako salaketak aurkeztu zituzten, sexu jazarpena eta indarkeria egotzita. Gobernadore ohiak aitortu zuen bere ekintzek langileak deseroso sentiaraz zitzaketela, baina ukatu egin zituen sexu abusuak.

Jamesek plazaratutako txostenak eragindako presioek kargua uztera bultzatu zuten Cuomo; besteak beste, AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Joe Bidenek dimisioa aurkezteko eta «lasai joateko» aholkatu zion. 63 urteko politikariak bere errugabetasuna defendatu zuen, baina kargua uztea erabaki zuen: «Egoera ikusita, laguntzeko egin dezakedan onena albo batean jarri eta gobernukideei gobernatzen uztea da».

Geroztik, Cuomok ukatu egin du leporatutakoa, esanez salaketek «motibazio politikoa» dutela eta ez dagoela horien egiazkotasuna froga dezakeen ezer. Haren arabera, aipatutako sexu abusuak «gaizki-ulertuak» izan ziren, «belaunaldien arteko desberdintasunak» zirela medio.

Atzo arratsaldeko agerraldian, New Yorkeko fiskal nagusiari, politikariei eta hedabideei leporatu zien bera kargutik kentzeko presioa egitea: «Gobernuak salaketak politiko bihurtzen dituenean, eta prentsako tituluek frogarik gabe epaitzen dutenean, sistema judizialak huts egiten du. Hori emakumeen, gizonen eta gizartearen kalterako da. Egia denborarekin azalduko da».

Salaketak aurkeztu zituzten emakumeek, berriz, irmo eutsi diete beren bertsioei. Emakumeek sexu jazarpenak, iruzkin desatseginak eta ukituak egitea leporatu zioten Cuomori. Gehienak haren lankideak izandakoak dira.

AEBetako telebista batean elkarrizketatu zuten haren salatzaileetako bat, Brittany Commisso. 32 urteko emakumeak Cuomorentzat egin zuen lan, eta, salatu zuenez, bitan jasan behar izan zituen nagusiaren ukituak: «Egin zidana delitu bat da; legea hautsi zuen».

Comissok azaldu zuen denbora luzez egon zela isilik, Cuomok eta haren ingurukoek bere izen ona zikinduko zuten beldur, «beste batzuekin egiten ikusi eta entzun nien bezala». Hain zuzen, 165 orrialdeko txostenaren arabera, Cuomok eta haren laguntzaileek mehatxatu egin zituzten beren kexak publiko egin eta lan giro toxikoa salatu zuten emakumeak, eta haien aurkako kanpainak sustatu zituzten, biktimei sinesgarritasuna kentzeko.

Alyssa McGrathek eta Virginia Linmiatisek ere Cuomoren aurkako salaketak aurkeztu zituzten. Bi emakumeek gobernadore oiharen bulegoan egiten zuten lan, eta biek salatu dute ukituak eta iruzkin desatseginak egin zizkiela. Fiskaltzaren jarrera txalotu dute, eta «pozik» daudela adierazi, Cuomok ez duelako karguan segituko.

Txostena egiteko, hainbat hilabetez ikertzen aritu da fiskaltza, eta gutxienez 200 pertsona elkarrizketatu dituzte. Cuomoren aurkako salaketak indarrean daude, eta haren aurkako ikerketa martxan dago. Sexu jazarpenagatik ireki dioten auzia ez da, ordea, gobernadore ohiaren arazo bakarra; izan ere, agintaldian egindako ustezko irregulartasunak ikertzen ari dira: aztertzen ari dira ea gezurra esan ote zuen COVID-19ak adinekoen egoitzetan eragindako heriotzen inguruan, bere irudia hobetzeko, eta ea funts publikoetatik 5 milioi dolar lortu zituen pandemiari buruzko liburu bat idazteko.

Lekukoa pasatu diote

Kathy C. Hochul politikari demokrata izendatu dute gaur New Yorkeko gobernadore; kargua eskuratu duen lehen emakumea bilakatu da horrela. 62 urteko politikariak estatuko Kapitolioan hartu du kargua, Janet DiFiore estatuko epaile nagusiak gidatutako zeremonia pribatu batean.

Gobernadore gisa egindako lehen agerraldian, emakumeei ohore egin die Hochulek: «Kargua hartuko nuela jakin nuenean, nire aurreko emakume guztiengan pentsatu nuen, ama barne, eta historian aurretik egondako emakume askok lekukoa pasatu zidatela sentitu nuen». Gainera, gehitu du inork ez duela «toxikotzat» joko bere lantokia.

New Yorkeko estatua ez dago, baina, garairik bareenean. Batetik, delta aldaeraren gorakadaren ondorioz, geroz eta zailagoa da COVID-19aren pandemia kontrolatzea. Bestetik, ekonomiaren susperraldiak mantso egiten du aurrera.

Datozen egunetan osatuko du lantaldea Hochulek, eta iragarri du aste bukaerarako izendatuko duela gobernadoreordea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.