Hasi dira nabaritzen PSOEk Madrilgo Erkidegoko hauteskundeetan hartutako kolpearen ubelduak. Alderdi horrek jakinarazi du bozetan zerrendaburua izan zen Angel Gabilondok uko egin diola Madrilgo Biltzarreko diputatu akta jasotzeari, hauteskundeetan izandako gainbeheraren ondorioz. Jose Luis Abalos PSOEko Antolakuntza idazkari nagusiak eman du berria, prentsaurreko batean, eta esan du Gabilondok inork baino hobeto zekiela «zer egin behar zuen».
Gabilondoren ukoaren aurretik jakin da Madrilgo Ramon y Cajal ospitalean sartu dutela, arritmia batengatik. Haren gertuko iturriek Efe berri agentziari adierazi diotenez, «ondo» dago. Azaldu dute berriki azterketa mediko bat egin duela Gabilondok, eta arazo kardiako hori identifikatu ziotela. PSOEko iturriek adierazi dute izan duenaren moduko arazoek «behaketa» eskatzen dutela, «arinak» izan arren, eta «zuhurtzia» eskatu dute.
Iturri berberek, ordu batzuk lehenago, jakinarazi dute PSOEren Madrilgo idazkari nagusi Jose Manuel Francok dimisioa eman duela. Porrota bere gain hartu du, eta «emaitza txarra Alderdi Sozialistari eta Espainiako Gobernuari eraso egiteko» erabiltzea eragozteko hartu du erabakia, alderdiak azaldu duenez.
PSOEren batzorde exekutiboak bilera egin duen egun berberean jakin da Francoren eta Gabilondoren erabakien berri. Atzo, alderdi horren Madrilgo batzordea elkartu zen, eta hauteskundeetan izandako emaitza txarrak onartu zituzten. Hala ere, aldaketa handirik ez zuten aurreikusi bilera horretan, ezta Gabilondo Madrilgo Biltzarreko bozeramaile gisa ordezkatzea ere.
PSOEk Madrilen inoiz izan dituen emaitzarik txarrenak izan zituen herenegun: hamahiru diputatu galdu zituen: 37 zituen lehen, eta 24 lortu ditu orain. Gehien bozkatutako indarretan hirugarrena izan zen, PPren eta Mas Madriden atzetik.