herrialde katalanak

Angel Ros Lleidako alkateak legebiltzarreko eserlekua utziko du

PSCko diputatuak zuzendaritzarekin dituen ezberdintasunak argudiatu ditu, biharko bozketaren atarian. Espainiako Gobernuak erreferenduma egiteko eskumenak Kataluniakoaren esku uzteko proposamena bozkatuko dute Parlamenten.

Angel Ros, joan den larunbatean, 1714ko ospakizuetan, Lleidan. DAVID BESORA, EFE.
2014ko urtarrilaren 15a
16:25
Entzun

Madrili galdeketak egiteko eskumena eskatzeko proposamena bozkatuko dute bihar Kataluniako Parlamentuan, eta litekeena da PSC Kataluniako Alderdi Sozialistaren diputatuen artean batzuek boto diziplina urratzea. PSCk zigorrak aurreikusi ditu, ordea, eta Angel Rosek aurretik hartu du erabakia, alderdiak ez diolako aukerarik eman abestentzioaren edota kontzientziak agintzen dionaren alde emateko botoa.

Angel Ros Agrupament Socialista korronte kritikoaren sortzaileetako bat da, Marina Geli eta beste sozialista katalan batzuekin batera. Via Catalanari zilegitasuna eman ziotenean agertu zuten beren jarrera kritikoa talde gisara, joan den abuztuan. Aurretik, ordea, kataluniarrek behar luketeenari buruzko ikuskerak hautagai izatera bultzatu zuen Ros 2011n. Azkenean erretiratu, eta Joan Ignasi Elena kritikoaren alde egin zuen. Pere Navarro egungo idazkari nagusiak irabazi zion, ordea, Elenari, sozialista katalanek urte horretako abenduan egindako kongresuan.

Orduztik, ordea, alderdiaren zuzendaritzak ezarritako ildoak zalantzan jarri dituzte Rosek eta gainerako kritikoek, batez ere subiranotasunaren gaineko urratsen inguruan.

Arratsaldean emango du erabakiaren berri Lleidako alkateak, diputatu kritikoek euren botoarekin zer egin erabakitzeko egingo duten bileraren ostean, baina dagoeneko jakinarazi dio erabakia Pere Navarrori.

PSCko zuzendaritzak argi utzia du abstentzioaren alde egiteak ondorioak izango dituela, eta Marina Geli, Joan Ignasi Elena eta Nuria Ventura kritikoek diziplina apurtzea ere ez dute baztertu, bihar abstentzioaren alde bozkatuta. Boto askatasuna eskatu dute. Zuzendaritzarekin bat egiten duten legebiltzarkide batzuk ere abstentzioaren alde egiteko aukera ez baztertzea eskatu dute, besteak beste, Xavier Sabate, Jaume Collboni eta Nuria Parlonek, alderdiaren haustura saihestearren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.