Angolatik kanporatutako 657 emakume bortxatu dituzte Kongon

Maiz kanporatzen ditu Angolak herrialdean legez kanpoko meategietan lanean ari diren kongoarrak

Erredakzioa
2010eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Angolako meazuloetan legez kanpo lanean ari zirelakoan, Kongoko Errepublika Demokratikoko 6.621 herritar kanporatu ditu azken bi hilabeteotan Luandako gobernuak. NBE Nazio Batuen Erakundeak jakinarazi duenez, kanporatutako gehienak Kongoko mendebaldeko Kassai eskualdera iritsi ziren. Nazioarteko erakundeak orain jakinarazi duenez, emakume haietako asko bortxatu egin zituzten. Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsakzehaztu du 657 emakumeren bortxaketen berri jaso duela, eskualde haietan diharduten tokiko eta nazioarteko giza laguntzarako erakundeek bildutako lekukotasunetan oinarrituz.

NBEk, haatik, ez du argitu oraindik nork bortxatu zituen. Halaber, Kinshasako gobernu agintariek horrelako ezer ez dutela jakin adierazi du Kongoko Informazio ministro Lambert Mendek. Kinshasan dagoen Angolako enbaxadore Emilio Jose de Carvalhok, berriz, hotz erantzun die salaketei; gertakariei garrantzia ukatuz: «Betiko leloa da; kanporatzen ditugun emakumeek aldi oro esaten dute bortxatuak izan direla, eta gizonezkoek, berriz, dirua eta ondasunak lapurtu dizkietela salatzen dute». Enbaxadorearen iritzian, indarkeria eta sexu erasoak egon badira ere, Kongoko errefuxiatu guneetan gertatu dira, eta ez eurek herrialdetik kanporatutako kongoarren artean. «Horrelakoak egon egon badira ere, euren artean gertatutakoak izaten dira».

400.000 kanporatze

Luandako gobernuaren ordezkariak zehaztu du Angolako diamante meazuloetan legez kanpo lanean ari diren kongoarren kanporatzeak «etengabekoak» direla, eta Kinshasako agintariak«jakinaren gainean» jartzen dituztela kanporaketak gertatzen diren bakoitzeko.

Zehazki, Nazio Batuen Erakundeak zabaldutako datuen arabera, Luandako gobernuak 2004. urtean indarrean jarritako politikaren ondorioz, 400.000 lagun, kanporatu dituzte Angolatik: horien artetik gehienak kongoarrak ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.