GALIZIAKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK

Aniztasuna islatuko duen koalizioa osatzeko prest dira PSdeG eta BNG

Fragak bozetako emaitzak onartu eta Galiziako PPko buru izaten jarraitzeko borondatea agertu dio Raxoiri

arantxa elizegi egilegor
2005eko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Atzerrira joandakoen botoek orain arteko emaitzak berresteko balio izan dute. Galiziako Alderdi Sozialistarentzat izan da Pontevedrako eserlekua. Hori horrela, Alderdi Popularrak irabazi ditu bozak, baina gehiengo absolutua galdu du. Aldiz, Galiziako Alderdi Sozialistako buru Emilio Perez Touriño eta Bloque Nazionalista Galiziarreko buru Anxo Quintanak koalizioan gobernatzeko borondatea agertu zuten atzo. «Aldaketa eta barne aniztasuna islatuko duen gobernuaren alde egin dute gehienek. Agindua betetzea da gure eginbeharra», esan zuen Perez Touriñok.

Gorabeherak izan ziren atzerrian bizi diren galiziarren botoak zenbatzerakoan. Pontevedrako Hauteskunde Batzordeak baliogabetu egin zituen ekainaren 18tik aurrerako zigilu-markak zituzten gutunak. Hori zen botoa postaz bidaltzeko azken eguna. Alderdi Popularraren arabera, ordea, horietako boto batzuk Espainian ziren ekainaren 19rako, eta, beraz, 18a baino lehen bidaliak ziren. Azkenean, ordea, Hauteskunde Batzordeak ez zuen onartu popularrek ziotena. Ondorioz, PP 37 eserlekurekin geratu da, PSdeG 25ekin eta BNG 13rekin. Galiziak autonomia lortu zuenetik lehen aldiz, ezkerreko alderdien esku izango da Presidentetza. Fragak, bestalde, oposizioan ere PPren buru izateko asmoa iragarri zion atzo Espainiako Alderdi Popularreko buru Mariano Raxoiri. «Ez dugu egingo emaitzen aurka. Ez du zentzurik. Emaitzak hor daude eta guk errespetatu egingo ditugu, demokrata onak garelako». Boto gehien Alderdi Popularrak lortu zuela ere nabarmendu zuen Galiziako jarduneko presidenteak.

Gobernua osatzeko baldintzarik ez

Quintanaren arabera, ez dira baldintzak jarri behar Gobernua osatzeko negoziazioak hasteko. Hala ere, Galizia ez dela merkea izango ohartarazi du. «Madrilek herrialde honi zor diona ordaindu eta Galizia nazio bat dela onartu behar du». Horretaz gain, Madrilek azpiegituretarako, osasunerako, hezkuntzarako eta teknologiarako diru laguntzak ere zor dizkiola esan du BNGko buruak. Alderdiaren arabera, 21.000 milioi euro eman behar dizkio gobernu zentralak Galiziari, orain arteko gabeziak ordaintzeko. «Ez dugu inoren arazo izan nahi. Baina ezingo da Espainiako estatu eredu berria sortu Galizia gabe».

Emaitza ofizialak jakin arte Alderdi Sozialista ez zela BNGrekin negoziatzen hasiko iragarri zuen Perez Touriñok. Haren esanetan, bestalde, PPko buruzagitzan jarraitzeko Fragak agertutako borondatea onerako izan daiteke. «Galiziak barne akordioak indartu behar ditu. Horregatik, gai garrantzitsuetan PPrekin hitzarmena lortzen saiatuko gara. Esaterako, Estatutuaren erreforman». Bere asmoa ez dela lurrikara politiko bat eragitea ere nabarmendu du. Eta Fragak agintean igaro dituen hamabost urteetan egindako lana goraipatu du Perez Touriñok.

Galiziako hurrengo presidente izan daitekeenak, Perez Touriñok, ez du esan gobernu berrian presidenteorderik izango ote den. Hala ere, Gobernuak izango dituen hiru helburuak argitu ditu: berritze demokratikoa eta modernizazio politikoa lortzea, Galiziaren autogobernua indartzea eta galiziarren arazoak konpontzen saiatzea. «Alternatiba demokratikoaren zain zegoen herrialde hau. Orain guri dagokigu eskaera horri erantzutea».

Programa bateratua

«BNGk ez du babestuko PSdeG. Gure programak eztabaidatu eta bateratu egingo ditugu», azaldu du Quintanak. Haren esanetan, bi alderdien programak desberdinak dira, baina ez bateraezinak. Perez Touriñoren esanetan, berriz, herritarrek erabaki dute Gobernuaren oinarria Alderdi Sozialista izango dela: «Era berean, ordea, bi alderdik osatuko dute Galiziako Gobernu berria».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.