Ankararen arabera, ez dago frogatuta Turkiako hegazkina Siriak bota zuenik
Gobernuak argitaratutako txosten batek hautsak harrotu ditu Turkian. Horren arabera, frogarik ez dago joan den ekainaren 22an Siriako kostatik hurbil itsasora erori zen gerra hegazkina Siriako armadak bota zuela errateko. Hegazkinetik berreskuratutako hogei piezen «azterketa kimiko eta fisikoak» egin ondoren ondorioztatu dute hori ikertzaileek. Radikal egunkariak eman du horren berri. Hegazkina erori zenean, Turkiako Gobernuak nazioarteko aire eremuan eraso izana egotzi zion Siriari. Damaskok hegazkina bota izana onartu zuen, baina bere aire eremuan baimenik gabe sartu zela salatu zuen. Bertsio hori berretsi du Taraf egunkariak herenegun argitaratutakoak, NATOk Izmirren (Turkia) duen postuko eta Erresuma Batuak Zipren duen baseko iturriak aipatuz. Ankarak berriz ukatu du Siriako aire eremua urratu izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu