Katalunia

Anna Gabriel atxilotzeko agindu du Llarena epaileak

Agindua Espainiar estatuari soilik dagokio. Suitzak ohartarazi du ez duela inor estraditatuko "arrazoi politikoak" direla medio.

Anna Gabriel, Kataluniako parlamentuan, artxiboko argazki batean. ALBERTO ESTEVEZ, EFE
arantxa elizegi egilegor
2018ko otsailaren 21a
14:19
Entzun

Joan den astean jakin zen Anna Gabriel Genevara (Suitza) joana zela. Hasiera batean defentsa prestatzera joana zela zabaldu zen arren, gerora parlamentari ohiak berak jakinarazi zuen bertan geratzeko asmotan joan zela, Espainian "epaiketa justu bat" izango ez zuelakoan.

CUPeko kidea goizeko 9:30etarako zen deklaratzera joatekoa. Ordea, iragarri moduan, gaur ez da joan Gorenera deklaratzera, eta fiskalak haren aurkako nazioarteko atxilotze agindua eskatu dio epaileari, eta berdin egin du herri akusazio gisa ari den Vox alderdiak ere.

Pablo Llarena epaileak erdizka onartu ditu eskaerak. Izan ere, Gabriel atxilotzeko agindu du, baina aginduak Espainiar estatuari soilik eragiten dio, eta beraz, Gabriel itzuliko balitz soilik atzeman ahalko lukete.

Gabrielek berretsi du arrazoi politikoengatik jazartzen dituztela: "Ez da indarkeriazko ekintzarik egon. Jazarpen politikoa da, independentismoa makurtu nahi dute. Ez nintzateke nire kabuz etorriko hona bizitzera. Derrigortutako egoera bat da hau". TV3 kateari eskainitako elkarrizketak diputatu ohiak adierazi du asiloa eskatuko duela, Espainiak estradizio agindua ematen badu.

Europako Batasunetik at egonik, Espainiak ezin du euroagindu bat baliatu Gabriel atxilotzeko, eta horrek zaildu egiten du estradizioa. Suitzak gainera ohartarazia du ez duela inor estraditatuko "arrazoi politikoengatik". Aldiz, baikor agertu da Rafael Catala Espainiako Justizia ministroa, eta gogorarazi du bi herriek sinatua dutela estradiziorako akordio bat.

Hamar egun

Llarena epaileak gaur jakinarazi du Marta Rovirak hamar eguneko epean ordaindu beharko duela 60.000 euroko bermea, espetxeratua izan nahi ez badu. Astelehenean deklaratu zuen ERCko buruak Gorenean, urriaren 1eko erreferendumaren inguruan.

Epailearen iritziz, Rovira izan zen erreferendum legearen "bultzatzaile nagusietako bat", nahiz eta jakin Konstituzionalak halakorik egitearen aurka zegoela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.