Annanek amore eman du

Siriarako mandatari berezi izateari utziko dio, gobernua eta oposizioa armak uzteko konbentzitzea ezinezkoa egin zaiolakoGatazkaren militarizazio eta nazioartearen batasun faltagatik hartu du erabakia

mikel rodriguez
2012ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Iragan otsailean izendatu zuten Kofi Annan NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren Siriarako mandatari berezi. Sei puntuko bake plan bat prestatu zuen, zeina teorian apirilean indarrean sartu zen, eta, hura salbatzeko asmoz, nazioarteko harremanetarako talde bat sortu zuen ekainean, baina bere ekimenek fruiturik eman ez dutela ikusita, amore ematea erabaki du. «Ezinezkoa da niretzat edo bertze edozeinentzat gobernua eta oposizioa konbentzitzea prozesu politiko bat hasteko pausoak eman ditzaten». Annanek gatazkaren militarizazioa eta nazioartearen batasunik eza aipatu ditu bere ezinaren arrazoitzat, eta bereziki NBEren Segurtasun Kontseiluko bortz kide iraunkorrak egin ditu erantzule. «Siriako herriak lehenbailehen ekintzak behar ditu, baina elkar seinalatzen eta iraintzen aritu dira».

Hil honen amaieran bukatuko da NBEk eta Arabiar Ligak Annani emandako egitekoa; beraz, abuztuan oraindik bera izango da Siriarako mandatari berezia. Ordezkoaren bila ari direla jakinarazi du Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak. Hain zuzen, Banek jakinarazi du Annanen erabakia, mandatari bereziak agerraldia egin aitzinetik. Uztailaren hasieran aitortu zuen Annanek bere sei puntuko planak huts egin zuela, bertzeak bertze, lehenbiziko puntua, su-etenarena, ez gobernuak, ez oposizioak bete ez dutelako. Hala ere, Annanen ustez, Siria oraindik «zoritxar txarrenetik salba daiteke» nazioarteak «beharrezko adorea eta lidergoa» erakusten badu.

Konponbidea trantsizio politikoa egitea dela erran du, eta, horregatik, mandatari bereziaren ustez, «goizago edo beranduago» Baxar al-Assad presidenteak kargua utzi beharko du. UNSMIS NBEren Siriako misioko buruzagi ohi Robert Moodek ere adierazpen bertsuak egin zituen Damaskotik alde egin eta berehala. Trantsizioa gauzatu ezean «odol isuriak» jarraituko duela erran du Annanek, gobernuaren «zurruntasunarengatik», oposizioaren «kanpaina militarraren gorakadagatik» eta nazioartearen batasunik ezagatik.

Annanek Segurtasun Kontseiluko kideei kritikatutako batasun faltaren adibide argia dira Jay Carney Etxe Zuriko bozeramailearen adierazpenak, Errusia eta Txina egin baititu mandatari bereziaren erabakiaren erantzule. Siriako Atzerri Ministerioak, ordea, herrialdean «ezegonkortasuna hedatu nahi duten» herrialdeei egotzi die Annanek mandatua utzi izana, «misioa blokeatu dutelako, eta oraindik hala egiten dutelako». Vitali Txurkin Errusiak NBEn duen ordezkariak erabakia deitoratu du, eta David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak Al-Assadi presioa areagotzeko ordua dela erran du.

Panetta, Jordanian

Hain zuzen, Al-Assaden ondorengo balizko egoeraz solasean aritu dira Leon Panetta AEBetako Defentsa idazkaria eta Abdullah II.a Jordaniako erregea Ammanen. Elkarrizketaren edukiaren inguruan ez dute xehetasunik eman, ordea. Jordania Al-Assaden aurka lerratu den herrialdeetako bat da, eta Siriarekiko muga militarizatu egin du.

Bertze bilera garrantzitsu bat Arbilen egin zen herenegun, Iraken menpeko Kurdistanen. Eskualde autonomo horretako presidente Massoud Barzani eta Turkiako Atzerri ministro Ahmet Davutoglu elkartu ziren. «Siria berriak muturreko ideietatik eta talde terroristetatik libre egon beharko luke», hitzartu dute biek azken adierazpenean. PKK Kurdistango Langileriaren Alderdiari ez diote aipamenik egin, ordea, ezta Siriako kurduek euren lurraldean lortu duten kontrol politikoari ere. Davutogluk erran du, baina, Turkiak bere «kezkak» azaldu dizkiola Barzaniri, eta honek «mezua ulertu» duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.