Siriako Nazioarteko Harreman Taldea hilaren 30ean Genevan biltzeko asmoa dutela adierazi du Arabiar Ligaren eta NBE Nazio Batuen Erakundearen nazioarteko bitartekari Kofi Annanek. Siriako gatazkari konponbidea aurkitzeko nazioarteko herrialdeak «lehenbailehen» biltzea beharrezkoa dela adierazi du Annanek, baina AEBek bilera oztopatu du ez duelako nahi Iran Harreman Taldean parte hartzea.
Bitartean, Sirian indarkeria ez da eten. Atzo, bi auto leherrarazi zituzten Damaskon eta Siria iparraldean. Damaskoko leherketan hainbat garraio suntsitu ziren, baina ez dute zaurituen inguruko daturik eman. Bestetik, Siriako oposizioaren esanetan, Baxar al-Assad Siriako presidentearen armada iparraldeko Der Sanbal hirian sartu da eta hainbat etxebizitza suntsitu ditu.
Gobernuaren gehiegikeriak
Amnesty Internationalek salatu du Al-Assaden gobernuak gizateriaren aurkako krimenak egin dituela, eta eraso horien frogak dituela adierazi du. AIren txostenaren arabera, gobernuak oposizioa babestu duten auzoak eraso ditu mendeku moduan, eta herritarrak mehatxatu ditu, beldurra eraginez. AIk Siriako herri eta auzo zigortuenak bisitatu ditu gobernuaren baimenik gabe, eta armadako kideek etxeak erre, manifestari baketsuen aurka tiro egin eta herritarrak torturatu dituztela salatu du.
AIko bozeramaile Donatella Roveraren esanetan, bildutako froga horiekin nazioarteak gobernuaren aurka egin beharko luke «berehala», zibilen aurkako erasoak gehituz doazelako: «Aurkitu ditugun froga ikaragarri hauek biztanleen aurkako etenik gabeko gehiegikerien ondorioa dira. Gobernuak gerra krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak egin ditu, inolako zigorrik jaso gabe». NBEri neurriak hartzeko eskatu dio Roverak: «NBEko Segurtasun Kontseiluak blokeoarekin amaitu behar du, eta benetako ekintzak egiten hasi. Inork ez ditu armadaren gehiegikeriak, hilketak eta bortxaketak zigortzen».
Annanek Siriako Harreman Taldea biltzeko asmoa du 30ean Genevan
Bi autok eztanda egin dute Damaskon; AIk salatu du gobernuak gizateriaren aurkako krimenak egin dituela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu