Annanen elkarrizketarako deiak Siriako oposizioko SNC taldea haserrarazi du

Erregimenari «presio militarra» egitea beharrezkoa dela aldarrikatu du Siriako Kontseilu Nazionaleko presidenteakErrusiak ez du onartuko AEBek Segurtasun Kontseiluan aurkeztekoa duten ebazpena

mikel rodriguez
2012ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren bidali berezi Koffi Annan gaur da Damaskora ailegatzekoa. Joan aitzinetik egin dituen adierazpenek, ordea, Baxar al-Assad presidentearen oposizioko SNC Siriako Kontseilu Nazionala haserrarazi dute. Gatazkari irtenbidea bilatzeko, elkarrizketa politikoaren alde eta atzerriko esku hartze militarraren aurka agertu da Annan; Burhan Galiun SNCko buruarentzat adierazpen horiek «etsigarriak» dira. SNC aurka egon arren, Al-Assadekin elkartuko da gaur Annan. AEBek NBEko Segurtasun Kontseiluan Siriako gatazkaren inguruan aurkeztuko duten ebazpen proposamenak, berriz, ez du bide luzerik eginen, Errusiak aurka dagoela jakinarazi baitu.

Mendebaldeak ez ezik, Errusiak eta Txinak ere ontzat jo dute Annanen izendapena, eta Damaskok ez dio trabarik paratu. SNCk, ordea, gogor jo du haren kontra. «Irtenbide politikoek ez dute arrakastarik izanen erregimenari presio militarra egiten ez bazaio», adierazi du Galiunek. SNC iazko urrian sortu zen, eta, hasieran, ez zuen jarrera bateratu bat agertu atzerriko esku hartzearen inguruan. Hala ere, buruzagitzako kideek gero eta maizago egin dituzte horren aldeko adierazpenak. Hori izan da arrazoietako bat oposizio guztia bateratzea ezinezko egin duena, NCC Koordinazio Nazionalerako Batzordea esku hartzearen aurka baitago. Ezkerreko taldeek osatzen dute NCC.

Errusia eta Arabiar Liga, Kairon

«Annanek indarkeria geldiarazteko mekanismoren bat izanen duen itxaropena dut, baina beldur naiz ez ote dituen bertze mandatariek bezala hilabete bat edo bi alferrik galduko bitartekaritza lanak egiten», erran du Galiunek. SNC erbestean sortutako plataforma da, eta Mendebaldearen eta Persiako golkoko herrialdeen sostengua du. Buruzagitzan erbesteko intelektualak daude nagusiki, eta Anaia Musulmanak alderdi islamista da SNCko talde handiena. Siriako herritarren artean zenbaterainoko sostengua duen jakitea zaila da oraingoz.

Annanen bisitaz gain, Siriako gatazkaren bertze arreta gune handi bat Kairon egonen da. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa dago han, Arabiar Liga osatzen duten herrialdeetako Atzerri ministroekin Siriaren inguruan eztabaidatzeko. GCC Golkoko Lankidetzarako Kontseiluaren ekimenez egin da bisita hori, Moskuren jarrerarekin ados ez daudelako. Saudi Arabiak, Qatarrek, Arabiar Emirerri Batuek, Kuwaitek, Omanek eta Bahrainek osatzen dute GCC.

Herrialde horiek Al-Assaden arerioei armak ematearen alde agertu dira; horregatik, litekeena da gaur Errusiaren azken erabakia eztabaidagai izatea Lavrovekin. Izan ere, AEBek Segurtasun Kontseiluan aurkeztekoa duten azken txostenari Errusiak ezetz errateko arrazoietako bat da oposizioaren eta erregimenaren indarkeria maila berean ez paratzea. «Testuaren arazo nagusia da ez diela alde guztiei exijitzen indarkeria eteteko pauso praktikoak ematea», azaldu du Errusiako Atzerri ministrorde Gennadi Gatilovek. Frantziak erran du, ordea, ez duela onartuko bi aldeak konparatzea. AEBen ebazpen proposamenari buruz etzi erabakiko du Segurtasun Kontseiluak.

Giza laguntza aztergai

Ebazpenean bildutako exijentzietako bat giza laguntza da. Berriki Sirian egon den NBEko Giza Gaietarako idazkariorde Valerie Amosek erran du Damasko «egoeraren balorazio mugatu bat» egiteko prest dagoela baina giza laguntza helarazteko aurkeztutako proposamena aztertzeko denbora gehiago eskatu duela. Dena den, erregimenaren balorazio horrekin Sirian gertatzen denari buruz informazio gehiago eskuratuko dutela adierazi du Amosek.

Hala eta guztiz ere, NBEren agentziek nahiko maiz ematen dituzte Siriako egoerari buruzko datuak. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, urtebetean 25.000 lagunek egin dute ihesi. Turkiako, Libanoko eta Jordaniako iturriak aipatu ditu. Hildakoei dagokienez, berriz, Herri Koordinaziorako Batzordeen arabera, estatuko indarrek 71 lagun hil zituzten atzo herrialde osoan. Datu horiek berrestea, ordea, hagitz zaila da, Sirian ia ez dagoelako informazio iturri alternatiborik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.