Amagoia Mujika Tolaretxipi.

Annanen ordezkaritza iritsi aurretik bi atentatu egin dituzte Damaskon

2012ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Kofi Annan Siriarako mandatari bereziak bidalitako ordezkaritza gaur da Damaskora iristekoa, baina taldeak, iritsi aurretik, mezu bat jaso du: su-etena negoziatzea ez da horren erraza izango. Arabiar Ligak behatzaileak bidali zituenean ere, abisu bera izan zuen, iritsi bezperan. Orduan, atzo bezala, bi bonba-auto leherrarazi zituzten gobernuaren segurtasunaren eraikinen kontra. Ordukoan, 40 lagun hil zituzten, eta, atzokoan, berriz, gutxienez 27 hildako eta 140 zauritu izan dira, Siriako Barne Ministerioak jakinarazitakoaren arabera. Baxar al-Assad presidenteak Annanek gidatuta Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren ordezkaritza onartuko zuela esan zuen, baina, hitz egiten hasi aurretik, talde armatuen ekintzak bertan behera geratzeak ezinbestekoa izan behar duela ohartarazi zuen. Atzo gertatutakoak zaildu egingo du nazioarteko taldearen lana.

Telebista publikoaren eta Sana agentziaren bidez zabaldutako bertsio ofizialak dioenez, bi suizidak eztandarazi dituzte lehergailuz jositako ibilgailuak, bata zerbitzu sekretuen eraikinaren aurrean, eta bestea segurtasun kriminalarenean; hildakoez eta zaurituez gain, kalte material ugari eragin dituzte. Bi leherketak ia une berean gertatu dira, 07:30ean.

Baxar al-Assaden gobernuaren ustez, Saudi Arabiatik eta Qatartik iritsitako «talde terroristak» daude atentatuen atzean, oposizioaren aldearekin bat eginda, eta Mendebaldeko herrialdeei leporatu die hilketak sustatu izana. Erregimenak bidalitako oharrean hauxe dio, hitzez hitz: «Atentatuok herriaren segurtasunaren eta egonkortasunaren kontrako helburuen parte dira, eskualdeak eta nazioarteak bultzatzen duten indarkeriaren parte». Horrelakoak «garesti» ordainduko direla ere ohartarazi du, herrialdea kinkan jartzeko edozein ahalegini «gogor erantzungo» diola gobernuak.

Atzerrian den Siriako oposizioarentzat, berriz, «gobernuak fabrikatutako ekintzak» dira, eta «aitzakia» ekintzaileekin zer negoziatu ez dagoela erakusteko:«Atzerriko ordezkariek iritsi behar dutenero antolatzen dituzte gisa horretakoak». Borhan Golion SNC Siriako Kontseilu Nazionaleko buruzagiarenak dira azalpen horiek. Hark dioenez, oposizioak ez du zerikusirik atzo gertatutakoekin, «oposizioko kideen artean ez dago terroristarik», eta Al-Assaden aurkariek armak erabiltzekotan soilik «errepresioari aurre egiteko» erabiltzen dituztela nabarmendu du. SNC kritikoa da Annanen jarrerarekin, talde horren ustez, Al-Assadekin ez baita negoziatu behar; hura botatzeko eta egoera konpontzeko, nazioarteko esku hartzea behar da.

Al-Qaedaren itzala

Nazioarteak baztertu egin du oraingoz esku hartzea, eta Al-Assadek militarrak kaletik kendu aurretik hainbat baldintza bete beharko dira. Indarkeria, berriz, Siriako alde guztietan da nabaria, baita hiriburuan ere. Joan den abendutik Damaskon gertatzen den hirugarren atentatua da atzokoa. Lehenengoan, 40 lagun hil zituzten, eta, orduan, Al-Qaedari leporatu zion egindakoa gobernuak. Bigarrena urtarrilaren 6an izan zen, eta hogei bat lagun hil zituzten. Handik lau egunera, Alepo hirian 28 pertsona hil zituzten, modu berean.

Al-Qaedak oposizioaren borrokarekin bat egin duelako ustea zabaltzen ari da orduz geroztik, ez soilik gobernuaren iturrietatik. Ayman al-Zawahiri Osama Bin Ladenen ordezkoak zabaldutako mezuan «musulman guztiak» deitu zituen Al-Assaden kontra egitera. Washingtonentzat berarentzat, «oso litekeena da» Al-Qaeda eta beste hainbat talde armatu musulman Sirian sartu izana Iraketik. Zerbitzu sekretuen informazioa aipatzen dute baieztapen hori egiterakoan.

Damasko, atzo, jendez hustu izan balitz bezala zegoen atentatuen ostean. Segurtasun indarretako kideez gain, ez zebilen inor kalean. BBCk han duen kazetari Lina Sinjabek jakinarazi zuenez, pauso bat ematerako bi polizia zeuden zain, eta edonor susmagarria zen.

Kofi Annanek herenegun irtenbidea bilatzen hasteko teknikoen ordezkaritza bat martxan jarriko zuela esan ondoren, berriz, gaur zerbait ona gertatuko dela aurreratu zuen atzo Baxar Jaafarik, Siriak NBEn duen ordezkariak. Irtenbide bila hasteko iragarpenen bat izan daiteke, baina, bidea luzea izango denez, barruan ez dagoen batasuna eskatu dio Annanek nazioarteari, eta, ildo horretatik, Europako Legebiltzarrak «erabateko sostengua» eman dio mandatari bereziari. Martin Schulz presidenteak urratsak egiteko «babes osoa eta bitarteko guztiak» eskaini ditu.

Xiitak eta sunitak

Errusiak ere elkarrizketaren aldeko jarrera agertu du auzia hasi zenetik bertatik. Mosku da Siriari geratzen zaion ageriko aliatu gutxietakoa, eta Sergei Lavrov Atzerri ministroari ongietorria egiten diote hara joaten denero. Lavroventzat, itxaropenerako baino kezkarako daude oraingoz arrazoi gehiago Sirian, eta horiek konpontzeko Baxar al-Assad ezin dela alde batera utzi esaten jarraitzen du, Txinarekin batera. Ez dute alferrik bota atzera hori eskatzen zuen proposamena NBEren Segurtasun Kontseiluan. Haren ustez, Siriako eredua hausten bada ondorio larriak eragingo dituelako inguruan ere. Baina oraingoz ez dago arrazoirik pentsatzeko Al-Assad joango dela, Lavroven arabera: «Ziurta dezaket Annanek egindako proposamenen artean ez dagoela Al-Assaden dimisioa».

Erabaki hori hartzea «huts larria» litzateke Errusiarentzat, Sirian gertatzen denak inguruan eragin berezia izango duela uste duelako. «Erabakietan parte hartuko dutenek kontzientzia hartu behar dute horretaz». Ondorio txarrenetako bat auzi erlijiosoan ikusten du Atzerri ministroak. «Sirian leher daiteke xiiten eta suniten arteko krisia mundu islamikoan, eta Irakera eta Iranera zabaltzeko arrisku handia legoke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.