Berlusconiren hondakinen eta Montiren murrizketen artean itota, urteetan mamitutako sentipena indarrez ari da loratzen Italian: antipolitika. Giorgio Napolitanok erregu egin du hainbat aldiz: «Alderdi politikoak ez dira gaizkiaren, kalkulu pertsonalen eta ustelkeriaren erreinua. Ezaba dezagun ustelkeria, baina ez ditzagun deabruaren pare jar ez politika eta ez alderdi politikoak ere». Alferrik. Inor gutxik egin die jaramon estatuburuaren berbei. Ez alderdiek, ez herritarrek. «Antipolitikaren olatua hazten ari da, eta ezkerretik, eskuinetik eta gizartearen barren-barrenetik dator», ohartarazi du Eugenio Scalfari La Repubblica egunkariaren sortzaileak.
Sentipen hori, baina, ez da ezer berria, Gianfranco Pasquino politologoaren ustez. «Italiako gizartea beti izan da oso antipolitikoa. Eta uste dut horretarako arrazoiak izan dituela, zoritxarrez, oso gutxitan izan baita ona Italiako jardun politikoa». Bologna eta Johns Hopkins unibertsitateetako politika zientzietako irakaslearen arabera, «Italian alderdi politikoak txarrak dira, zinez». Hala ere, horrek ez du esan nahi guztiak berehala ordezkatzea posible denik, Pasquinoren esanetan. «Ulertu behar dute euren jarrera eta jarduera aldatu behar dutela, eta beharbada, zailtasunekin bada ere, hori ikasten ari dira».
Etzi eta etzidamu zenbait udalerritan egitekoak diren udal hauteskundeen bezperetan piztu dira antipolitikaren alarmak Italian. Herrialdeko 8.094 udalerrietatik 945etan aukeratuko dituzte alkateak, eta azterketa politiko txikia bada ere —presidentetzarako hauteskundeetan 48 milioi hautesle inguruk dute botoa emateko eskubidea; datozen egunetan soilik zazpi milioik—, ikusmin handia dago ezagutzeko nola bideratuko duten herritarrek euren «haserrea» hautestontzietan.
Beppe Grillo umorista, blogari eta ekintzaile politikoaren arrakasta da antipolitikaren gorakadaren adibide bat. Urteetan Berlusconiren gobernuaren eta, oro har, alderdi politikoen ustelkeria eta gardentasun faltaren kontrako agerraldi publikoak egin ostean Bost Izarren Mugimendua sortu zuen 2009an, hauteskundeetan «zerrenda zibikoak» aurkezteko. Azken inkesten arabera, hautesleen %8k babestuko dituzte zerrendok —iazko urrian %3,2ko babesa aurreikusten zioten—. Antipolitikaren erregea izenez bataiatu du Grillo La Stampa egunkariak.
Lega Norden eskandalua
Hiri handietan gerta daitekeenari begira daude analista politikoak. Genevan, Palermon, Parman eta, batez ere, Veronan gerta daitezkeen aldaketak ikusteko zain. Izan ere, Lega Nord eskuineko alderdi federalistaren gotorlekua da Verona, eta ikuskizun dago nola eragingo dion joan den apirilean jakinarazi zen ustelkeria eskandaluak Umberto Bossiren alderdiari. Sortu eta urtebetera, 1992an, Erromako Parlamentuan 55 eserleku lortu zituenean zentralismoaren eta ustelkeriaren kontrako goiburu indartsuarekin sartu zen Italiako politikan: Erroma lapurra. Hogei urte geroago, ustez diru publikoa lapurtzeagatik eman behar izan du dimisioa alderdiko sortzaile eta presidenteak.
Lega Nordeko diruzainak Erromako kongresuan duen bulegoan The Family izeneko karpeta bat aurkitu zuen Poliziak. Milango, Napoliko eta Reggio Calabriako fiskalek abiatu dute ikerketa, eta, euren arabera, Francesco Belsito diruzainak Tanzanian eta Zipren inbertitu du alderdiko diru funtsen zati bat, diru beltza jaso dute eta bossitarrek poltsikoak bete dituzte. Diru horrekin Renzo Bossi semeak lizentziatura bat erosi zuen 130.000 eurotan, familiako etxaldea eraberritu zuen eta hainbat abokatu ordaindu zituen. Alderdia Ndrangheta mafiarekin lotzen duten zenbait zantzu ere aurkitu dituzte miaketetan.
Dimisioak berehala etorri ziren. Katean. Alderdiko lider karismatikoarengandik hasi, eta haren seme Renzorenganaino; tartean beste hainbat kargu ere bota dituzte alderditik, diruzaina eta Senatuko presidenteordea esaterako. «Bossik pauso bat eman du atzera mugimenduaren barruan gauzak argitu ahal izateko. Dena dela, nik ondo ezagutzen dut Bossi, berarekin batera sortu bainuen Lega, eta argi daukat Justiziak ikerketa guztiak amaitzen dituenean errugabea dela ondorioztatuko dutela», azaldu du Giuseppe Leoni Lega Nordeko senatariak.
Gidari berria aukeratzeko asti barik eta alderdiaren irudia zikinduta egon arren, erantzun azkarra eman du Legak, eta baliteke boto gehiegirik ez galtzea. «Legari botoa eman diona ez da beste inon etxean bezala sentituko. Iparraldeko herritarrengan inoiz ez da desagertu federalismoaren nahia, eta, beraz, Lega ez da desagertuko helburua lortu arte», uste du Leonik. Iritzi berekoa da Pasquino ere: «Erantzun nahiko sinesgarria eman dute. Eta honako ideia hau zabaldu dute: Alderdiek egiten ez dutena egin dugu». Italia iparraldean jarraitzaile fidelak ditu alderdi federalistak, eta beti eutsiko dio %8-9ari, Pasquinoren arabera.
Hain zuzen ere, antipolitikaren bandera astindu duen alderdietako bat izan da betidanik Lega, kontraesanez josita egon arren. Silvio Berlusconiren aliatu nagusia izan da Erroman, eta alderdi politikoei leporatu dizkien bekatu guztiak errepikatu ditu. Leonik, baina, antipolitika sustatu izana ukatu du: «Erroma lapurra goiburuak ez du zerikusirik antipolitikarekin. Erromaren zentralismoaren kontrako kritika bat da, herrialdeko zergak jaso eta gaizki banatzen dituztelako. Iparraldeko jendea ordezkatzen du Legak, eta ezin dugu onartu gure jendeak lan egitea eta zergak ordaintzea gero limoien antzera zukutu ditzaten».
Lega Norden ustelkeria eskandalua, dena dela, ez da kasu bakana Italiako mapa politikoan. Ezker-eskuin, ez da inor libratzen. Berlusconiren eskandaluak eta auziak ezagunak dira, baina zentro-ezkerreko PD Alderdi Demokratikoan ere azaleratu dira ustelkeria kasuak: PDko Lonbardiako idazkariak, esaterako, bi milioi euro jaso ditu higiezinen proiektu baten esleipenengatik jasotako komisioen bitartez.
Berlusconiren hondakinak?
Alderdien eskandalu horiek dira gizartean antipolitikaren ideia gehien indartzen dutenak. Italiak «feudalismo modernoa» bizi du Carlo Galli Bolognako Unibertsitateko politika zientzietako katedradunaren arabera. «Norberarentzat lapurtzen da orain». Alderdiek hauteskundeetan lortutako emaitzen arabera jasotzen dute dirua estatuarengandik, eta, kongresuak diru horren erabilera zein den jakiteko ahalmena badu ere, ez du fakturarik edo ordainagiririk kontrolatzeko eskumenik.
Diru publikoaz jabetzen direla ikustean, alderdi politikoek sinesgarritasuna galdu dute herritarrentzat, eta sekulako borrokak piztu dira alderdi bakoitzaren barruan. Iazko azarotik gobernutik kanpo dagoen Berlusconiri egotzi dio askok politikaren degenerazioaren errua. Pasquino, ordea, ez dago erabat ados. «Berlusconismoa gure artean dago oraindik, Berlusconi bera baino lehenago ere halaxe zegoelako. Berlusconik, nolabait, berlusconismoa antolatu du: jarrera populista, antipolitikoa, gizartea politika baino hobea den ideia, erabakiak hartzeko presa... Baina hori guztia bera iritsi aurretik ere bazegoen, eta oraindik ere jarraituko du tarte batez».
Pasquinok gogorarazi du eskandalu politikoak Berlusconiren aurretik ere bazeudela, orduan ere legez kanpoko bideetatik jasotzen zutela dirua alderdiek. «Zoritxarrez, ez da aldaketa sokonik ikusten». Mario Montiren gobernu «teknikoa» ezarri ostean ere alderdiek politika txarra egiten jarraitu dute, politika zientzietako irakaslearen iritziz. «Errua ez da Berlusconirena, eta arazoa ez da konponduko bera denbora batez politikatik kanpo lagata ere».
Normaltasun «teknikoa»
Berlusconiren eskutik jaso zuen azaroan Mario Monti ekonomialariak Erromako Chigi jauregiko ateak zabaldu zizkion zilarrezko kanpaitxoa. «Herrialdea salbatzeko» eraman zuten boterera, hauteskunderik egin barik. Baina ia sei hilabete geroago, herritarrek ez dute salbazioaren zantzurik nabari; aitzitik, gero eta gogorragoa zaie egunerakoa.
Gizartearen gehiengoak arnasa hartu zuen iazko azaroan, Montiren gobernu «teknikoa» ezarriko zutela jakitean. Berlusconiren aroari agur esateko nahia zen nagusi edozeren gainetik. Onarpen eta babes zabala jaso zuen Montik italiarren artean hasieran: azaroaren amaieran begi onez ikusten zuten herritarren %73k. Orain, berriz, %51ra jaitsi da babesa. Zergen gorakadak, lan erreformak eta murrizketa zorrotzek oraingoz ez dute ekonomiaren hobekuntzarik ekarri, eta higatu egin dute haren irudia. Rigor Montis deitu dio Beppe Grillok bere blogean.
Parlamentuan gobernua babesten duten alderdiak ere Montirengandik aldentzen ahalegindu dira azken asteetan, hauteskundeetan herritarrek ez ditzaten murrizketen erreformekin lotu. Hala ere, Lega Nord da, hasieratik, gobernuaren kontra argi eta garbi berba egin duen bakarra: «Une honetan, geurea da Montiren gobernuari oposizioa egiten dion alderdi bakarra».
Bien bitartean, bestelako eztabaida bat ere hedatu da Italian: Zenbaterainoko kaltea eragin dezake gobernu «teknikoa» normalizatzeak?
Italiaren egoera ekonomiko larriak herrialdea amildegiaren ertzean jarri zuenean ekonomilari batek hartu zuen gobernuaren lema. Montik berak. Almirante bat jarri du Defentsa Ministerioaren gidaritzan, ingeniari bat Hezkuntza Ministerioan, abokatu bat Justizia Ministerioan eta ekonomialari bat Lan Ministerioan. Hauteskunderik egin barik aukeratua denak.
Politikaren eta demokraziarengalera ikusten du askok «teknikoen» onarpenean. «Demokraziari uko egin, eta gobernu teknikoak normaltasun bilakatzeko tentazio arriskutsua dago», ohartarazi dute Alberto Burgio filosofoak eta Claudio Grassi politikari komunistak Il Manifesto egunkarian. «Errepublika batek bere herriari aitortzen dio subiranotasuna, baina tronua kanpoko agintaritza bati ematen dio ofizialki, aukeratu gabeko bati. Konstituzionalismo modernotik kanpora eraman gaitzakeen jauzi arriskutsua da». Hala ere, «aterabidea ez da indartzen ari den antipolitikari heltzea», Burgio eta Grassiren ustez. Ezkerreko egunkari berak, «antipolitikaren hazia erein eta ideien garbiketa etnikoa egiten duen kontrairaultzaz» ohartarazi zuen joan den otsailean argitaratutako editorial batean.
Agur 'dolce vita'-ri
Antipolitikaren eredu bi Berlusconi eta Monti direla baieztatu du Alfio Mastropaolo Turingo Unibertsitateko politologoak. «Politika demokratikoaren hondakina da antipolitika. Gobernua politikoa ez den agintaritzari —alegia, teknikoei— edo lider salbatzaileari eman behar zaiola defendatzen du. Bigarrenaren eredua bada berlusconismoa, Montiren gobernua lehenengoaren eredu garbia da».
Gobernu «teknikoa» izateak, ordea, ez du esan nahi demokraziari uko egiten dionik Pasquino politologoarentzat. «Gobernuak parlamentuaren babesa du, eta,beraz, zilegitasun demokratikoa du». Gainera, ez du uste alderdi politikoak normaltasun «tekniko» bat onartzeko prest daudenik. «Alderdiek gaitasun handiagoko gidariak bilatu beharra daukate, pertsona politiko indartsuak». Pasquinoren arabera, orain ministro karguan daudenetako batzuk 2013ko hauteskunde orokorretarako errekrutatuko dituzte bai PLDk eta bai PDk. «Montik, ordea, ez dut uste jarraitu nahi duenik».
Egungo gobernuaren helburua legealdia amaitzea da, 2013ko hauteskundeetaraino eustea. Legebiltzarreko alderdi nagusiek horretarako konpromisoa agertu dute, eta une batzuetan Montiren erreformengandik urruntzen saiatu arren, nahiago dute datorren urtera bitartean hark egitea lan zikina. «Alderdiek ezin dute onartu euren erruz gobernua eroraraztea», azaldu du Pasquinok. «Arduratuta egon arren eta zailtasun handiak izan arren, PDk eta PDLk ezin dute horrelakorik onartu».
Datorren urteko hauteskunde orokorrak iritsi bitartean gobernuak «erreforma garrantzitsu gehiago» egingo dituela uste du Bolognako Unibertsitateko irakasleak. Gainera, boterea hartu zuenetik herritarren babesa gutxitu bazaio ere, oraindik italiar gehienen oniritzia duela nabarmendu du. «Horren arrazoia? Alde batetik, italiarrek azken lau hamarkadetan bizi izan dituzten pribilegioei, abantailei... euren dolce vita-ri eutsi nahi diote. Baina, bestalde, italiar askok badaki pribilegio asko ez zirela merezitakoak, abantaila asko gehiegizkoak zirela, eta krisiari sakrifizioekin erantzun behar zaiela. Finean, italiarrak ere izan daitezkeela arrazoizkoak». Ironia italiarra galdu barik, betiere.
Italia. Udal hauteskundeak
Antipolitikaren Italia
Politikarekiko mesfidantza zabaltzen ari da Italiako gizartean. Joan zen Berlusconiren aroa, eta jarri zuten Monti, baina eskandaluek eta zailtasun ekonomikoek segitzen dute. Maiatzaren 6ko eta 7ko udal hauteskundeak izango dira aro berriaren lehen azterketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu